Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren baitan idatzi du. Parte hartzaile bakoitzak eskualde edo herri batean garatu du bere proiektua. Akizuk bi aste eman zituen Nafarroa Erriberan
Maialen Akizu urretxuarrak Erriberari buruzko nobela laburra aurkeztuko du gaur, 19:00etan, Lodosako Lanton aretoan. Akizuk Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren baitan idatzi du Eszenatokia izenburua duen lan hau.
Euskarazko artea eta kultura sortzea eta hedatzea helburu duen zirkuitu nazionala da Geuretik Sortuak. Guztira bost antzerki obra, Hamazazpigarrenean aidanez literatur bilduma eta bost film laburrez osatutako Bost teilatu pelikula atera dira proiektuaren lehen ediziotik.
Akizurekin batera, Edorta Jimenez, Fito Rodriguez, Itxaro Borda eta Yolanda Arrieta idazleek, Josu Martinez zine zuzendariak eta Tanttaka antzerki taldeak parte hartu dute, besteak beste. Bakoitzari herri edo eskualde batean lan egitea tokatu zaio eta Akizuk Nafarroa Erriberako Lodosa, Sartaguda, Mendabia eta Andosilla herrietan garatu du bere proiektua.
Bi aste Erriberan
Uztailean bi aste eman zituen bertan: bertako errealitatea ezagutu zuen eta ondoren bere lana idatzi zuen. «Hango paisaia, erritmoa… zurrupatu nituen. Hemen euskararen egoera zaila bada, han zer esanik ez. Biztanleen %2,5ak daki euskaraz. Erriberan frankismoak eragin handia izan zuen eta arrastoa nabaria da. Euskal nortasuna antifrankismotik garatu da. Memoria historikoaren alorrean lan handia egin dute. Nire lanean, arrazoiak begiratu ordez, ondorioak begiratu ditut batez ere».
Erriberako euskaltzaleen lana goraipatu du. «Ez dira geldirik egoten: Errigora ekimena, ikastolak… Kaleen izenak euskaraz jartzea lortzen ari dira eta festak geroz eta euskaldunagoak dira».
Esperientzia aberasgarria izan da. «Prozesua azken emaitza baino askoz ere ederragoa izan da. Oso zaila da paperera eramatea han dagoen indar hori».
Izan ere, helburuetako bat Euskal Herriko toki ezberdinetako euskaldunak elkarrekin harremanetan jartzea da. «Egitasmo honetan parte hartu baino lehen, Erribera oso gutxi ezagutzen nuen. Bestalde, beraiek ez dute beraien burua euskal literaturan islatuta ikusten eta, hala, asko kostatzen zaie euskal kultura kontsumitzea. Hori dela eta, nire lanean beraien burua islatuta ikustea nahi nuen».