Osasun egoerak hobera egin duenez eta murrizketak arindu direnez, Urretxu eta Zumarragako udalek eta ikastetxeek ere inauteriak antolatzea erabaki dute. Hasteko, Ostegun Gizenean, datorren ostegunean, laranjak eta opilak banatuko dira ikastetxeetan. Ostiralean, hilaren 25ean, ikastetxeek desfilea egingo dute bi herrietako kaleetan. 14:30etik 16:00etara izango da. Ondoren, dantzaldia egongo da Zelai Arizti parkeko karpan. 16:30ean hasiko da.
Biharamunean, hilaren 26an, Lurra dantza taldeak 32. herri inauteria egingo du. Oliteko inauteria herriko baserrietara eramango du. Larunbatean beste bi ekitaldi egongo dira: 11:30ean Iparragirre Balerdi musika bandak kalejira egingo du eta 18:00etan dantzaldia egongo da Gernikako Arbola plazan, DJ Josu Rodriguezekin.