Capital Energy enpresak zentral eolikoak egin nahi ditu Irimon eta Oletan. Herritarren artean kezka piztu da eta Arabako Mendiak Aske taldeko Iñigo Lezak hitzaldia egin du Urretxun.
Capital Energy enpresak bi zentral eoliko egin nahi ditu Irimo eta Oleta mendietan eta horrek hautsak harrotu ditu Urretxun eta Zumarragan. Joan zen astean gai horri buruzko eztabaida egon zen Urretxuko kultur etxean, herritar talde batek antolatuta. Ekitaldian Arabako Mendiak Aske taldeko Iñigo Lezak parte hartu zuen, Goiener kooperatibako bi lagunekin batera. Arabako Mendiak Aske zentral eolikoen aurka eta trantsizio energetikoaren alde lan egiten ari da.
Lezak azken bi urteetan zentral eolikoak egiteko eskaerak asko ugaldu direla dio. «Arabako ia mendi guztiak haize-errotekin bete nahi dituzte. Gu horren aurka borrokatzen ari gara. Benetako trantsizio energetikoa aldarrikatzen dugu. Ez dugu energia berriztagarrien aitzakiarekin mendi guztia haize-errotekin betetzea nahi».
Eskaera uholde horren atzean Europako funtsak daudela dio. «Diru pila bat dago horrelako proiektuak aurrera eramateko. Hori dela eta, enpresa asko proiektu horiek martxan jartzen saiatzen ari dira. Estatu espainiarrak 10 urtetan 60 gigawatt inguru jarri nahi zituen eta urte eta erdian bikoitza jartzeko eskaerak aurkeztu dira».
Kontsumo murrizketa
Arabako Mendiak Aske taldekoen ustez, haize-errotek ez dute trantsizio ekologikoa bermatzen. «Egungo sistema ez da jasangarria. Urtetik urtera gehiago kontsumitzen eta ekoizten dugu. Baina mundua mugatua da eta ezin da horrela jarraitu. Egin beharreko lehenengo gauza kontsumoa murriztea da. Horretarako, beste sistema sozioekonomiko bat behar dugu. Behar duguna bakarrik izan behar dugu, ez urtetik urtera gehiago. Funtsezkoa zer den zehaztu behar da eta horretara mugatu».
Energiari dagokionez, mendia industrializatu beharrean, dagoeneko industrializatuta dauden eremuak erabiltzearen alde ageri da. «Industrialdeak erabili beharko lirateke. Adibidez, pabiloietako teilatuetan eguzki plakak jarri. Urretxuko lursail batean plaka fotoboltaikoak jarri nahi dituzte. Gure ustez, pabiloietako teilatuetan jarri beharko lirateke. Bestalde, errota zaharrak zentral hidrauliko txikiak egiteko baliatu beharko lirateke».
Herritarrek kontrola berreskuratu behar dutela uste du. «Trantsizio energetikoa ezin dugu multinazionalean esku utzi. Iberdrolaren eta gainontzekoen helburua negozioa egitea da. Ez dute jendeak zer behar duen begiratzen».
Araban gogor lan egiten ari dira zentral eolikoen ugaltzea saihesteko. «Kontzentrazioak eta manifestazioak egiten ditugu, sinadurak jaso ditugu… Jendea informatu nahi dugu. Jendea, egitasmo horiek eragiten dituzten kalteen berri duenean, kontra jartzen da».
Jendea informatzeaz gain, helegiteak aurkezten dituzte. «Helegiteek gure lanaren berri emateko eta indarra dugula erakusteko balio dute. Mendi martxak ere antolatzen ditugu, jendeak gure mendiak ezagutu ditzan eta babesteko beharraz jabetu dadin. Euskal Herria oso txikia da eta oso industrializatuta dago. Ezin dugu industrializatu gabe gelditzen zaigun eremu bakarra industrializatzen utzi. Hori egiten badute, gure lurraldeak xarma galduko du. Industrialde bat bilakatuko da».
Etorkizunari begira, baikor ageri da. «Lan on bat egiten ari gara eta proiektu batzuk bertan behera gelditzea lortu dugu. Estatu espainiarrean proiektu uholdea dago eta, indar pixka bat eginez gero, hemengo proiektuak bertan behera gelditzea lor dezakegu. Izan ere, beste toki batzuetan ez dituzte hainbeste oztopo aurkitzen».
Hala, urretxuarrei eta zumarragarrei antolatzeko eskatu die. «Sei haize-errota oso handi jarri nahi dituzte, 200-220 metrokoak. Horietako batzuk, Irimon. Urretxuarrek esan ziguten moduan, Urretxun oso mendi gutxi dago eta herritarrek Irimora joateko ohitura dute. Hori dela eta, bereziki mingarria da. Horrek jendea mobilizatzea espero dut», esan du.
Urretxuarrei eta zumarragarrei beraien mendiak defendatzeko eskatu die. «Antzuolako, Azkoitiko eta Azpeitiko jendearekin harremanetan jarri behar dira, elkarrekin borrokatzeko», amaitu du.