Urola kirol elkarteak 50. urteurrenaren ospakizunaren harira klubaren historian zeresana izan dutenekin solasaldia egin du gaur. Jon Plazaola aktore eta umoregile urretxuarrak, Urolako jokalari ere izan zenak, bakarrizketa egin du ekitaldiari hasiera emateko.
Urte berezia du Urola kirol elkarteak, 50 urte bete ditu eta ekitaldi sorta oparoa antolatu du data borobil hori ospatze aldera. Gaur, Argixao zelaia utzi eta Zelai Arizti aretoan izan da hitzordua. Bertan, solasaldia egin dute. Urolako lehendakari, entrenatzaile eta jokalari ohiek parte hartu dute: Vicente Quevedo, Martin Agirre, Matias Sanchez, Iñaki Ibarzabal, Amaia Elgarresta, Maider Amado, Francis Mendiluze, Asier Martin eta Mikel Mesonerok. Futbolak egin duen aldaketa eta Urola taldearen historia eta etorkizuna izan dituzte hizpide, besteak beste.
Gonbidatu berezi bat ere izan dute; Jon Plazaola aktore eta umoregile urretxuarra. Izan ere, Urolako jokalari ohi ere bada Plazaola. Hala, solasaldiaren aurretik, ekitaldiaren sarrera moduan eta giroa sortzeko, bakarrizketa egin du. Umoretik bai, baina batez ere bihotzetik hitz egin du urretxuarrak oholtza gainetik. Urte luzetan, Argixao Plazaolaren bigarren etxea izan zen. Hain zuzen ere, 12 urte bakarrik zituen Urolan jokatzen hasi zenean eta 30 urterekin utzi zuen talde horia, “entrenatzaileak nik baino urte gutxiago zituenean” esan du gonbidatuak.
Oholtza gainera igo direnez gain, publiko artean eserita izan dira, Urola kirol elkartea osatzen duten familia handiko kide ugari.