Euskal Herriko txoko desberdinetako inauteria gerturatzeko lanean ari da Lurra dantza taldea azken urteotan. Aurten, Oliteko inauteria herriko baserrietara eraman du. 32 urtez egin dute herri inauteria.
Lurra dantza taldeak 32. herri inauteria ospatu du goizean goizetik; Oliteko inauteria herriko baserrietara eraman du. Urretxuko herriko plazan elkartu dira, eta bertan hasi dira goiza girotzen. Musikaz lagunduta dantza erakustaldia egin dute bertan. Ondoren, ohiko brindisa egin, familia argazkia atera eta Etxaburu aldera zuzendu dira bertan ere hainbat dantza egiteko. Goizean zehar, Erratzu, Iturbeko, Beibakar, Zabaleta, Mendizabal, Santa Barbara, Agerre eta Ipeñarrieta baserriak igaro dituzte, guztietan geldialdiak eginez.
Juanlu Elgarresta dantza taldeko kideak adierazi duenez, “egun oso-oso berezia da Lurrakoentzat; ikaragarri ongi pasatzeaz gain, gure kulturaren eta ohituren transmisio lana ere badelako gaurkoa”. Urtero-urtero saiatzen dira Lurrako dantzariak, Euskal Herriko inauteri desberdinak gerturatzen urretxuarrei, eta aurtengoan ere, ala egin dute.