SukalAnitzak ekimenaren lehen saioa egin dute Goierri elkartean. Jatorri desberdinetako herritarrak batu ditu sukaldaritzak.
Aniztasuna izan da Goierri elkarteko sukaldean gaur. Kultura desberdinek bat egin dute, gastronomiaren bueltan. Izan ere, bizikidetza sustatzeko SukaldAnitzak sukaldaritza tailerrak antolatu ditu Urretxuko Udalaren Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak. Azken bi urteetan ezin izan da egin, pandemia dela, eta aurten, aukera ikusi dute ekimena berreskuratzeko.
Jose Luis Ayuso Goierri elkarteko lehendakaria “oso pozik” agertu da egunak emandakoarekin. Kontatu du “16 pertsona” elkartu direla, “Uruguay, Pakistan, Senegal, Argentina eta Venezuela jatorri duten urretxuarrek parte hartu dute”. Prestatu dituzten platerak, “berakatz zopa, haragi gisatua, eta torradak izozkiarekin”. “Asko-asko gustatu” zaiela nabarmendu du Ayusok.
Gaurkoa, Euskal Herriko sukaldaritzari buruz egingo dituzte hiru tailerretatik lehena izan da, eta ondoren, gainontzeko herrialdeetako sukaldaritza ezagutuko dute, beste hiru tailerretan. Tailer guztiak herriko boluntarioek emango dituzte, Urretxuko elkarte gastronomikoetan.
Goierri elkartean emango diren tailerrak, Euskal Herriko sukaldaritzari buruzkoak izango dira. Hurrengo datak dira, martxoaren 12a eta 26a, 11:00etatik 14:30era.