Gaur arratsaldean Urretxu eta Zumarragako bertsopaper, narratiba eta poesia lehiaketako sariak banatu dituzte
Gaur arratsaldean 2021eko Iparragirre Saria lehiaketako sariak banatu dituzte. Bertsopaper lehiaketara zortzi lan aurkeztu dira, guztiak 16 urtetik gorakoen mailara. Saria Mikel Aiertza Etxabe aizarnazabaldarrak irabazi du, Pumori 20 urte lanarekin. Euskarazko narratiba atalari dagokionez, 19 lan aurkeztu dira. Saria Ane Odriozola Cia legazpiarrak irabazi du, Garaiz nagoen bitartean lanarekin. 2019ko edizioan ere euskarazko narratiba saria irabazi zuen. Odriozola Gibola trilogiaren eskutik egin da ezagun.
Erdarazko narratiba atalari dagokionez, 113 lan aurkeztu dira. Saria Miguel Angel Gonzalez Gonzalez madrildarrak irabazi du, Los sobrantes lanarekin. Euskarazko poesia lehiaketa Elena Sanchez Fuentes barakaldarrak irabazi du, Kaleidoskopioak lanarekin. Bederatzi lan aurkeztu dira. Bukatzeko, erdarazko poesia lehiaketa Joan Verger Ginard mallorcarrak irabazi du, La casa cerrada lanarekin.
Ekitaldian saritu guztiek parte hartu dute, Gonzalezek ez ezik. Aipatzekoa da Verger Mallorcatik etorri dela saria jasotzera. Iparragirre Saria oso berezia da, saritutako lanak argitaratzen baititu.
Saritu guztiek beraien poza azaldu dute eta antolatzaileei eskerrak eman dizkiete. Aiertzaren hitzak bereziki hunkigarriak izan dira. Izan ere, bere bertsoak 2001eko urrian Pumori mendian gertatutako ezbeharraren ingurukoak dira. Ezbehar hartan bere anaiak, Iñaki Aiertzak, eta beste lau mendizalek bizia galdu zuten.
Argazkian, ezkerretik eskuinera: Mikel Serrano Zumarragako alkatea, Joan Verger, Ane Odriozola, Gorka Azkarate epaimahaiko kidea, Elena Sanchez, Felix Maraña epaimahaikide eta antolatzailea, Concceta Probanza epaimahaikidea, Irati Goikoetxea epaimahaikidea, Mikel Aiertza eta Jon Luqui Urretxuko alkatea.