Joseba Apaolaza eta Jon Plazaola aktore urretxuarrak Urola futbol taldeko jokalariak izan ziren. Apaolazak 'Jokoz kanpo' lana antzeztuko du bihar Urretxun, klubaren 50. urteurreneko ospakizunen barne.
Urola kirol elkarteak, futbolari bikainez gain, primerako aktoreak eman ditu: Joseba Apaolaza eta Jon Plazaola Urolako jokalariak izan ziren. Hala, biei klubaren 50. urteurreneko ekitaldietan tokia egin diete. Joan zen astean, Plazaolak Urolari buruzko bakarrizketa egin zuen eta ondoren solasaldi bat gidatu zuen. Apaolazak, berriz, Jokoz kanpo lana antzeztuko du bihar Urretxuko Labeaga aretoan. Antzerki saioa 19:00etan hasiko da. Sarrera libre izango da, aforoa bete arte.
Jokoz kanpo obrako aktoreak, Apaolaza, Asier Hormaza eta Asier Sota dira. Futbolari buruzko antzezlana da. Urolaren 50. urteurrenerako aproposa. «Hirurok rol nagusi bat dugu, baina beste pertsonaia batzuk ere egiten ditugu. Guztira, 15 bat pertsonaia. Abiapuntua epaiketa bat da: bi entrenatzaile epaituak dira haur mailako partida batean sortutako liskarrengatik. Futbolaren inguruan ematen diren portaerak kontatzen ditugu. Hori azaltzeko, pertsonai desfile bat dago: entrenatzaileak, gurasoak…», azaldu du Apaolazak.
Apaolazak antzezlan honek bere txikitako ametsa betetzen lagundu diola dio, txantxetan. «Dagoeneko lauzpabost urte daramatzagu ikuskizun honekin. Nire txikitako ametsa betetzen lagundu dit: futboletik bizi izatea. Azken funtzioak Realak ordaindu ditu. Realarekin hitzarmena duten taldeen ospakizunetan parte hartzen ari gara. Izan ere, Realari interesgarria iruditu zitzaion antzezlan honetako gaia».
Realzalea
Urretxuko aktorea Realzalea izan da beti. «Umetan aitari Realaren bufanda lapurtu eta kateorratzekin jartzen nuen, Realaren kamiseta imitatuz. Erregeei Realaren jantzia eskatzen nien urtero eta ez zidaten inoiz ekarri. Donostiara joatea tortura txiki bat izaten zen (aitaren Fariasaren kea, Oria ibaiaren kutsadura…), baina pozez zoratzen joaten nintzen Atotxara».
Izan ere, beste haur askok bezala, futbolaria izan nahi zuen. Hala, urte luzetan Urolan jokatu zuen. «20-21 urte bete nituen arte, futbola besterik ez nuen buruan. Urolan urte asko eman nituen, lehen taldera iritsi arte. Donostiara joan nintzen irakasle-ikasketak egitera eta bigarren urtean han gelditzea erabaki nuen. Burua beste toki batean jartzen hasi nintzen eta futboletik aldendu nintzen».
Urolan bizitako uneen oroitzapen polita du. «Nire bizitza horren inguruan zegoen antolatuta. Aurredenboraldian izerdi egitea komeni omen zen eta Irimora kangurua jarrita igo nintzela gogoratzen dut. Beste garai batzuk ziren. Futbolean ez genuen asko ikasi, anexoan jokatzen baikenuen. Hartxintxarrezko zelaia zen, putzu asko egoten ziren eta, gainera, haize asko egiten zuen. Ez genuen sekula baloia lurrera jaisten. Lehen taldera igo ginenean konturatu ginen ez genekiela lurretik jokatzen».
Apaolaza erdilaria zen. «Argixaoko goiko zelaian, nire funtzioa atezainak ateratzen zituen baloiak orraztea izaten zen. Baloi haiek kainoi bola batek bezainbeste pisatzen zuten… Ahal zen neurrian, jokoa antolatzeaz ere arduratzen nintzen. Korrika asko egiten nuen. Urolaren birika nintzela esan ohi dut, txantxetan». Oraindik gazte mailako jokalaria zenean egin zuen debuta lehen taldearekin. «Garai hartan ohikoa zen. Belarrezko zelaia oso zelai ederra zen».
Martin Agirre eta Juanjo Aldama izan ziren bere entrenatzaileak. «Gaztetan, Martin izan nuen entrenatzaile. Lehen taldeko atezaina zen. Ondoren, Juanjo Aldamarekin aritu nintzen».
Argixaoko zelaian eta aldagelan une ederrak bizi izan zituen. Besteak beste, Realaren lehen liga. «Gure partida amaitu zenean, aldagelara joan ginen eta Reala Gijonen jokatzen ari zena entzun genuen irratian. Zamorak gola sartu zuenean, arropa eta guzti dutxatu ginela uste dut, txapeldunak gu izan bagina bezala».
1981eko apirilaren 26an Realaren lehen liga ospatu zuten eta bihar Urolaren 50. urteurrena ospatuko dute. «Ilusio handia egiten dit Urolaren 50. urteurrenean parte hartzeak. Funtzio honetan beti oso ondo pasatzen dugu eta jendeak ere ondo pasatzea espero dugu», amaitu du.