Ainhoa Unanue urretxuarrak 12 kilometroko proba irabazi du eta Unanue eta Nora Aranburu bi onenak izan dira 23 urte azpikoen Euskadiko txapelketan. Mayi Mujika bigarren izan da 23 kilometroko proban.
UZ Trailekin hasiera eman zaio gaur Goierriko mendi lasterketen denboraldiari. Goierri Kopa Traileko lehen proba izateaz gainera, Euskadiko txapelketa ere izan da. Herriko korrikalariek eta Goierri Garaia klubak lan bikaina egin dute. Ainhoa Unanue urretxuarrak 12 kilometroko proba irabazi du eta Unanue eta Nora Aranburu bi onenak izan dira 23 urte azpikoen Euskadiko txapelketan. Mayi Mujika bigarren izan da 23 kilometroko proban.
Lasterketa nagusian, Bergarako Etxabe anaiak nagusitu dira. Hasieratik erritmo bizia jarrita, Beñat Etxabek zapaldu du lehen postuan helmuga marra. Bigarren izan da bere anaia, Jokin Etxabe. Hirugarren postuan, Xabat Manzisidor azpeitiarra iritsi da. 23 kilometro egin behar izan dituzte, tartean, Beloki, Izazpi eta Irimoko gainak igota.
Lasterketan, hamargarren eta lehen emakumezkoa Onditz Iturbe bizkaitarra izan da. Bigarren eta hirugarren Mayi Mujika urretxuarra eta Ainara Urrutia heldu dira. Iturbek ibilbidearen zailtasun tekniko azpimarratu du: “Lokatzarekin jaitsierek labain egiten zuten eta, gorantz ere, ezin zen ondo trakzionatu”. Xabat Manzisidorrek eta Onditz Iturbek jantzi dituzte maila nagusiko Euskadiko txapelak, soilik klubetako kideek irabazi dezakete garaikurra.
Lasterketa laburra ere ospatu dute. Bertan, lasterkariek 12 kilometroko ibilbideari egin behar izan diote aurre, Beloki eta Izazpi gailurrak tartean. Lasterketa honetan, Ainhoa Unanue urretxuarra nagusitu da. Lara Estebanez legazpiarra heldu da bigarren eta, hirugarren postua, Eztizen Duque bizkaitarrak lortu du.
Gizonezkoetan, Ibai Larrea Goierri Garaia taldeko antzuolarra nagusitu da. Minutu eta erdiko tartea atera dio bigarren sailkatuari, Jon Baz bizkaitarrari. Hirugarrena Mikel Zabalegi ordiziarra iritsi da. Distantzia horretan jokatu dira 23 urtez azpiko Euskadiko txapelketak. Unanue eta Larrea izan dira bi garaileak. Nora Aranburu bigarren izan da.
Lehen aldiz, sprint lasterketa ere antolatu dute, 6 kilometroko proba. Bertan, 20 urtez azpikoen Euskadiko txapelak banatu dira. Gizonezkoetan, Ethan Cabanillas segurarra izan da garaile, Mikel Alvarezen eta Jon Zugazagaren aurretik. Emakumezkoetan, ostera, Alluitz De Bilbaok jantzi du txapela. Jone Oar-Arteta izan da bigarrena eta Uxue Sainz de Baranda hirugarrena.