Gaur arratsaldean Urola Garaiko Koordinadora Feministak akelarrea eta manifestazioa egin ditu, martxoaren 8a dela eta. Ehunka lagunek parte hartu dute. Sistema heteropatriarkal kapitalista, arrazista, kapazitista kiskali nahi dutela aipatu dute, merezi duen mundu bat eraikitzeko. “Horretarako feminismoa da bidea. Ezinbestekoa da. Antolatu gaitezen. Jendarteak indibidualismorantz bultzatzen bagaitu ere, guk lan kolektiboaren aldeko apustua egiten dugu”. Antolatzera eta txokorik txikiena ere borroka feministaz betetzera deitu dute. “Elkarrekin, indartsu eta batuta egon behar gara azkenaldian gora egiten ari diren diskurtso faxistei, misoginoei, homofoboei eta sexistei su eman eta argi eta ozen adierazteko aurrean izango gaituztela eta ez direla pasako”.