Urretxuko Udalak Ekiolarekin hitzarmen sinatzea erabaki du. Iturbe-Behekoa baserritik gertu eguzki parke bat egingo da eta lehen fasean 475 herritarrek bazkide izateko aukera edukiko dute
Urretxuko Udalak Ekiola Energia Sustapenakekin hitzarmena sinatzea erabaki du, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bilduk abstentzioa eman du. Hitzarmen honen eskutik, Iturbe-Behekoa baserriaren ondoko lursail batean plaka fotovoltaikoak jarriko dira eta komunitate energetiko bat eratuko da.
Ekiola entitate publiko-pribatu bat da. Krean kooperatibak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) osatzen dute. EEE Eusko Jaurlaritzaren menekoa da eta jaurlaritzak hitzarmen bat sinatu zuen aldundiarekin Gipuzkoan energia fotovoltaikoa ardatz duten komunitate energetikoak sustatzeko.
Udalak sei urte baino gehiago daramatza aldundiarekin lanean, azken honek Iturbe-Behekoa baserriaren ondoan duen zortzi hektareatako lursailari erabilpena emateko. Lursail hori Bergarara doan autobidea egiteko kendu zen lurrarekin bete zen.
Lur hori desjabetu egin zen eta egun aldundiaren esku dago. Lehen sektorerako eta Urretxuko Ekiola egitasmorako erabiliko da. Ekiola kooperatiba herritarrek osatuko dute: herritar hauek energia berriztagarria sortu eta kontsumituko dute.
475 bazkide
Udalak oso epe motzean biztanleriaren %16ak parte hartzea lor daitekeela uste du. Izan ere, lehen fasean 475 bazkide izango dira eta Urretxun familia unitate bakoitza 2,3 pertsonek osatzen dute. Hala, lehen fasean 1.092 bizilagunek kontsumituko dute plaka fotovoltaikoen bidez sortutako energia.
Bigarren fasean bazkide kopurua 1.000ra igoko da. Horretarako, 3,2 hektarea okupatuko dira.
Jon Luqui alkateak egitasmo hau oso garrantzitsua dela esan du. «0 kilometroko energia, egun erosten duguna baino merkeagoa gainera, sortzeaz gain, herritarren parte hartzea eta kohesioa bultzatuko da. Herritarrek kontsumitzen dutena sortu beharra dutela eta kontsumitzen duten horrek inguruan ze inpaktu duen ikusiko dute. Gainera, energiaren prezioa egonkortzea eta zaurgarrienei laguntzea lortuko da».
Bestalde, bazkideek energia nola sortzen eta kontsumitzen den jakitea sustatuko da. Horretaz gain, kontsumo jasangarria sustatuko da. Horretarako, energia sortzen den orduetan kontsumitzea bultzatuko da.
Egitasmo hau aurrera ateratzeko, Espainiako gobernuaren Trantsizio Ekologiko ministerioari diru-laguntza eskatuko zaio. Udalak 740.000 euroko diru-laguntza eskatu du.
Urte bete barru parkea martxan egotea espero da. Behin hitzarmena sinatuta, hurrengo pausoak baimenak lortzea, proiektua ezagutzera ematea, bazkideak lortzea, proiektua prestatzea, eguzki parkea eraikitzea eta martxan jartzea izango dira. Udalak eta Urretxuko Ekiolak aurki jarriko dute martxan informazio prozesua.