CCOO sindikatuak kontzentrazioa egin du gaur eguerdian Zumarragako udaletxe azpian etxez-etxeko laguntza zerbitzuko langileen alde. Lan baldintzak hobetzea eta soldatak igotzea eskatu dute.
2020an zerbitzua Gizatzen enpresari esleitu zitzaionetik lan baldintzak okertu egin direla salatu dute. “Lan hitzarmenari buruz hitz egin nahi dugu eta enpresak ez duela hitzarmenik negoziatuko erantzun digu. 2021ean soldata izoztu egin digute, 2022, 2023 eta 2024an %0,8 bakarrik igoko da eta 2025ean izoztu egingo digute. Onartezina da, 2021ean KPIa %6,4 igo baita”.
Zumarragako etxez-etxeko laguntza zerbitzuan 24 emakumek lan egiten dute. “Pandemian gure lana funtsezkotzat jo zen eta ez genion lan egiteari utzi, askotan koronabirusari aurre egiteko beharrezkoak ziren neurririk gabe. Soldata izoztuta dugu 2018tik eta kontratu asko behin-behinekoak eta prekarioak dira”, esan dute.