Goierri garaiko enpresa askotan substantzia toxikoekin lan egin dute. Kaltetuak antolatzen hasi dira eta asteazkenean Asviamiek, amiantoak kaltetutakoen elkarteak, hitzaldia egin zuen.
Euskal Herriko lantegi askotan langileek hamaika substantzia toxiko arnastu dituzte. Goierri garaian ere hala izan da eta kaltetuak mobilizatzen hasi dira. Asteazkenean hitzaldia egin zuten Zumarragako kultur etxean. Bertan, Asviamie elkarteko Javier Marquesek eta Jesus Uzkudunek parte hartu zuten. Gai toxikoekin lan egiten zutenei eman beharreko pausoen berri eman zieten.
Asviamie amiantoak kaltetutakoen elkartea da, baina lanean gaixotu diren guztiei laguntzen diete. Gaixo daudenei tramiteak egiten laguntzen diete gaixotasunaren jatorria lana dela aitortzeko eta besteak Osalanen sartzen dituzte osasun zaintza berezia egiteko. «Hori enpresek egin beharko lukete, baina ez dute ezer egin. Lan honekin jarraituko dugu, kaltetu guztiengana heldu arte», aurreratu du Asviamieko Jesus Uzkudunek.
Duela aste batzuk CCOOk hitzaldi bat antolatu zuen Zumarragan eta Goierri garaiko kaltetuak mobilizatzen hasi dira. Iñaki Ruiz de Egilaz inguruko lantegietan lan egin zutenekin harremanetan jarri da eta asteazkeneko hitzaldira 50 lagun inguru joan ziren: langile ohiak, dagoeneko hil diren pertsonen senitartekoak… «Legazpiar batek ezin dela etorri esan dit, gaur bertan ospitalean ingresatu dutelako. Labeak egiten zituen Legazpiko enpresa batean lan egiten zuen. Duela gutxi sartu zen gure zerrendan. Hori da gure egoera», azaldu du Uzkudunek.
Goierri garaiko enpresa askok lan egin dute substantzia kutsakorrekin eta langileek sarea eratu behar dutela dio. «Jendeak silizea, kadmioa, nikela, beruna… arnastu ditu. Horiek guztiek birikako minbizia eta antzerako gaixotasunak sortzen dituzte. Osakidetzako medikuak gaixoak artatzen dituzte, baina ez zaie axola gaixotasuna nondik datorren. Baina gaixotasuna nondik datorren jakin behar da, enpresetan prebentzioa bultzatzeko. Egun, enpresa gehienetan ez dago amiantorik, baina minbizia sortzen duten beste gai batzuk daude».
Amiantoak kaltetutakoen artean Felipe Cuñado dago. 30 urte baino gehiago eman zituen Sarralde enpresako galdategian lanean eta birikako minbizia du. Gaixotasuna lanean sortu zela aitortu diote. «Osalanekoak Zumarragara etorri ziren eta nik arriskua nuela esan zuten. Jarraipena egin zidaten eta hiruzpalau urtera gaitza azaldu zen. 2014an izan zen hori. Berehala operatu ninduten. Horri esker jarraitzen dut bizirik. Jarraipena egiten didate, noski. Lehen baino askoz ere ahulagoa nago. Lehen mendira joaten nintzen. Orain, berehala nekatzen naiz».
Berarekin lan egin zutenei, lehenbailehen Asviamierekin harremanetan jartzeko eskatu die. «Lehenbailehen joan behar dira medikuarengana. Gaixotasuna lehenbailehen detektatu behar da. Bihar, beharbada, berandu izango da», aipatu du Cuñadok.
Ruiz de Egilazi duela gutxi detektatu diote arazoa. «Kirolaria izan naiz beti: mendira joan, palan jokatu… Makal samar nengoela nabaritu nuen eta medikuarengana joan nintzen. Aurten, eskuineko birikan plaka kaltzifikatuak ditudala ikusi dute. Gaixotasunaren lehen urratsa izan ohi da. Emaztea izan zen Asviamierekin harremanetan jartzeko esan zidana. Patrizio Etxeberria, GSB eta Sidenorren lan egin nuen eta inork ez zidan amiantoarekin lan egiten ari nintzela esan. Argi utzi nahi dut ez dudala sekula zigarrorik erre», aipatu du.
Uzkudunek kalte ordainak jasotzeko egin beharrekoen berri eman zion eta hitzaldia antolatzea eta inguruko lantegietan lan egin dutenei deialdia luzatzea erabaki zuen. «Altzairu-fabriketan lan egin dugunoi azterketa sakonak egingo balizkigute, alergia eta gaixotasun asko aurkituko lizkigukete», gehitu du Marquesek. «Siderurgian lan egin duten guztiek entzumen arazoak dituzte. Jubilatuek beraien dirua audifonotan gastatzeak sutan jartzen nau. Hori mutualitateak ordaindu behar die!», azaldu du Uzkudunek.
Umore apur batekin amaitu du. «Estatu espainiarrean Frantzian edo Alemanian baino askoz ere lan gaixotasun gutxiago azaleratzen dira. Lanean oso traketsak garela, baina primerako osasuna dugula esan ohi dut. Lan istripu asko ditugu, baina apenas dugu lan gaixotasunik. Lan gaixotasunak ez dira azaltzen, ezkutatu egiten direlako. Medikuek non lan egin duten galdetu beharko liekete gaixo guztiei».