Xabier Erostarbe pilotari urretxuarrak binakako Promesa txapelketako finalerdia jokatuko du ostiralean Ataunen. Erostarbek eta Salaberriak, Zabala eta Etxebarriaren aurka jokatuko dute. Pilota jaialdia 22:00etan hasiko da. Finalerdiaren ondoren, Zubizarreta III eta Albisuk, Alberdi II eta Mariezkurrena II.ren aurka jokatuko dute. Sarrerek 20 euro balio dute eta aspepelota.eus-en eros daitezke. Jaialdia ETB1en emango dute, zuzenean.
Erostarbek eta Salaberriak ligaxkako bi partidak irabazi zizkieten Zabala eta Etxebarriari, baina Erostarbek ostiralekoa ezberdina izango dela uste du. “Ligaxkako bi partidetako batean Zabalak ez zuen jokatu. Ostiralekoa partida gogorra izango da. Beraiek ondo daude, baina gu ere bai”.
Binakako Promesa txapelketako finalerdia izango da Erostarberentzat. Aurreko biak galdu egin zituen. Final bat jokatzeko gogoa du, noski.
Promesa txapelketako finala martxoaren 26an izango da, 17:15ean, Labrit pilotalekuan. Ataungo finalerdiko irabazleek Bakaikoa eta Elizegiren aurka jokatuko dute.
Argazkia: Carlos Mediavilla