Hego haizea, kotxeak eta kaleak hautsez estalita… Horrela argitu du egunak gaur Urretxun eta Zumarragan. Ez da polena edota pinuen hautsa, ordea. Saharatik datorren hauts hodeiaren eragina da. Hala azaldu du Euskalmet metereologia agentziak. Bazterrak zikintzeaz gain, ordea, ez omen du aparteko eraginik izango, lehendik dagoen hezetasunarekin nahastuko baita.
Euskal Herrian ez ezik, Europaren hego-mendebalde osoan nabarituko da hauts hodei horren eragina, besteak beste Espainian, Portugalen, Katalunian edo Frantzian ere hedatuko baita. Fenomenoak datozen bizpahiru egunetan jarraituko duela uste dute adituek.
Hego-ekialdeko haize zakarra atzo arratsaldean hasi zen nabaritzen, eta gau osoan zehar ufada gogorrak izan dira.