Abenduan eta urtarrilean Urretxuko Berit, Navarro eta Motz tabernetatik igaro ostean, Pako Vierbücher argazkilariak Urretxuko Eguzkia tabernara eraman du orain ‘Tribu urbanoak’ erakusketa.
Anaiarentzat omenaldia izan behar zuen Tribu urbanoak erakusketak, baina herritarren artean sentimendu eta emozio ugari azaleratu ditu Pako Vierbücher argazkilari zumarragarrak Urretxun erakusgai jarri duen argazki bildumak. Iraganeko garai “ilun bezain oparoak” dituzte oinarrian erakusketa osatzen duten argazkiek, Pakoren anaia Kikek ateratakoek. Urretxu eta Zumarraga zuri-beltzean, giro politiko nahasiko urteak, kulturaren loraldia, rock-and-rolla, drogaren eta heriotzaren itzal luzea… Guztiek dute lekua erakusketan. Abenduan eta urtarrilean Urretxuko Berit, Navarro eta Motz tabernetan ikusgai egon eta gero, datozen lau asteetan Urretxuko Eguzkia tabernan ikusgai egongo da Tribu urbanoak.
Kike Vierbücher 1996an hil zen, 34 urte zituela, bere belaunaldiko beste hainbat gazte bezala, hiesak jota. Pako anaiak azaldu duenez, bost anai-arrebako sendia zen eurena. “Bi neska eta hiru mutil ginen, eta hiru anaietan gazteena zen Kike”. Anaiaren irudiko, “mutil ona” zen Kike, “lotsatia”. Nerabezaroan, ordea, “14-15 urterekin” asko aldatu zela esan du. Musikak bultzatuta, giro horretan mugitzen hasi zen. “Urretxuko Gaztelekun biltzen ziren garai hartako gazteak, eta, beste hainbat bezala, drogaren tentazioan erori zen”.
Garai ilunak izan ziren Urretxu eta Zumarragarentzat, baita Gipuzkoako beste hainbat herrirentzat ere: “Droga kostaldetik sartu zen, eta Deban gogor jo zuen, baina baita Eibarren, Elgoibarren, Urretxun, Zumarragan, Beasainen eta Ordizian ere. Desastre hutsa izan zen hura. Familia asko erabat hondoratu zituen. Hemen, Urretxun eta Zumarragan, 120 bat gazte hil ziren drogaren eraginez; horietako asko, Kike anaia bezala, hiesak jota”.
Argazkilari leinua izan da Vierbücherrena. Pakok kontatu duenez, aitak 1955ean ireki zuen argazki denda, Zumarragan. Familiako hiru semeek aitarengandik jaso zuten argazkilaritzarako zaletasuna, gerora bakoitzak “bere modura” garatu zuen arren. Kikeri “bere kasa joatea” gustatzen zitzaion, “eta musika kontzertuetan argazki asko ateratzen zituen”. Baina garaiko gazteen bizimoduaren testigu ere izan zen haren kamera: “Erretratuak, festak, antzerkiak, bidaiak…”. Naturako eta eguneroko argazkiak ateratzea ere gustuko zuela azaldu du anaiak. “4.000 edo 5.000 argazki izango ditut gordeta”, zehaztu du Pakok. “Eta 250 erabili ditut erakusketarako”.
Gizakia Helburu programa
Erakusketak “oso harrera ona” izan du. “Azken batean, batzuek zenbait argazkitan euren burua ikusteak edo desagertu ziren lagunen, bikotekideen edo ezagunen aurpegiak ikusteak barrua mugitu die askori”. 1970-1980ko urteak “oparoak” izan zirela oroitu du Vierbücherrek. “Gaztelekun gauza asko egiten zituzten orduan, oso ondo pasatzen zuten, baina urte gogorrak izan ziren. Askok ez dute hitz egin nahi urte haiei buruz, oraindik hor dirautelako beldurrek, minek…”.
Urte haietan gertatu zenaren inguruan argi-ilun asko daude oraindik. “Droga Poliziak sartu zuela esan izan da beti, gazteen artean euskaltzaletasuna suntsitzeko, besteak beste. Garai hura bizi izan zuten askok diotenez, astean egun jakin batean furgoneta bat etortzen zen gaztetxera, droga saltzera”; hala kontatu du Vierbücherrek. “Ez zegoen informaziorik, eta gazteak bata bestearen atzetik eroriz joan ziren”. Ordurako lehen pausoak ematen hasita zegoen Gizakia Helburu programan parte hartu zuen Kikek, beste hainbatek bezala. “Herrian, PP alderdiko kide batek eta Jose Ignacio Munilla garai hartan Zumarragako parroko lanetan ari zenak bideratu zituzten asko hara”. Vierbücherrek dio gazte horien alde lan handia egin zutela esaten dutela batzuek. “Baina asko ez zeuden konforme Munillaren egiteko moduekin”. Vierbücherren hitzetan, garai hura bizi izan zuten askok jakin badakite zein ibili zen droga saltzen, “nahiz eta ez duten izenik ematen. Min handia egin zuten, eta lagunen zaurgarritasunaz aprobetxatu ziren”. Garai hartan ireki ziren gaur egun oraindik itxi ez diren zenbait arrakala.
Hamalau panelek osatzen dute erakusketa, baina Eguzkia tabernan zortzi baino ez dira egongo ikusgai, espazio mugagatik. Panel bakoitza tribu bati eskaini dio Vierbücherrek: “Badaude rockzaleak, melomanoak, bohemioak, bizitza topera bizitzen zutenak…”. Horiei guztiei ere omenaldia egin nahi izan die: “Anaia bezala, garai gogorrak bizitzera behartuak izan ziren kuadrilla guztiei”. Ia argazki guztiak Kikek ateratakoak dira. Garai baten lekuko direnak, bizitzeko modu baten erakusleak.