Lasterketa datorren astelehenean hasiko da, Hondarribian
Xabier Isasa txirrindulari urretxuarrak modu ezin hobean hasi du profesional mailako ibilbidea. Lehen lasterketetan egindako agerraldiek Euskal Herriko Itzulian parte hartzeko balio izan diote. Itzulia, Donostiako Klasikoa eta Espainiako Itzulia dira Euskaltel-Euskadiren denboraldiko erronka nagusiak eta Isasak, profesional mailan lehen denboraldia duen arren eta 20 urte bakarrik dituen arren, horietako lehenengoan tokia egin du jada.
Euskaltel-Euskadiren zazpikoa Isasa, Bizkarra, Iturria, Azparren, Azurmendi, Canal eta Sotok osatuko dute. Lasterketa datorren astelehenean hasiko da, Hondarribian. Hasteko, 7,5 kilometroko erlojuaren aurkako proba egingo dute. Leitza-Viana, Laudio-Amurrio, Gasteiz-Zamudio, Zamudio-Mallabia eta Eibar-Arrate izango dira hurrengo etapak.
Aurten txirrindulariak ez dira Urretxutik pasako, baina ostiraleko eta larunbateko etapetan Isasa etxetik gertu samar ibiliko da. Ostiralean (apirilak 8), 17:00ak aldera, txirrindulariak Elgetatik pasako dira. Larunbateko (apirilak 9) etapa Debabarrena, Urola Erdia eta Debagoienako errepideetan egingo da.
Euskal Herriko Itzuliaren ibilbidearen berri izateko, sakatu hemen.