Zumarragako Udala Esteban Orbegozo auzoaren irisgarritasuna hobetzen ari da. Lanak hilaren 2an hasi ziren. Antio enpresa da obra egiten ari dena. Aurrekontua 274.000 eurokoa da.
Auzoa ezarritako irisgarritasun irizpideen arabera zaharberrituko da eta beheko solairuetako etxebizitzei pribatutasun handiagoa emango zaie. Urak biltzeko sarea eta auzoaren estetika hobetu egingo dira.
Atari guztiak irisgarriak izan daitezen, kotak altxatuko dira eta arrapalak egingo dituzte. Azpiegitura guztiak (ura, gasa, ur beltzak, argindarra eta telekomunikazioak) kota berrira egokituko dira.
Argiteria publikoaren sarea mantendu egingo da, baina hainbat argi puntu mugitu egin beharko dira. Eskaileran dauden argi zutoinak aldatu egingo dira eta errepidearen beste aldean dagoena (eskaileraren aurrean) 4 metroko bategatik ordezkatuko da. Aldatzen ez diren zutoinak margotu egingo dira.
Obra amaitzean, eskaileraren ondoko oinezkoen bidea asfaltatu egingo da eta zebrabidea altxatu egingo da autoen abiadura murrizteko. Horretaz guztiaz gain, baranda eta paperontzi berriak jarriko dira. Hauek gaikako bilketa ahalbidetuko dute. Bankuei dagokienez, orain arte zeudenak jarriko dira.
Bestalde, piloiak beste modu batera jarriko dira ibilgailuak oinezkoen guneetara sar ez daitezen, lorategien forma aldatu egingo da oinezkoen ibilbideak zuzenagoak izan daitezen eta beheko solairuetako leiho guztien azpian jardinerak jarriko dira bizilagunen pribatutasuna hobetzeko. Obra amaitzeko, harrizko horma nagusia garbitu egingo da.
Esteban Orbegozo Zumarragako langile auzoetako bat da. 1964an eraiki zen. Izen bereko enpresaren hazkundearen eraginez Zumarraga asko hazi zen eta etxe berriak eraiki behar izan ziren. Udalak gainontzeko auzoetan ere obrak egin ditu azken urteetan.
Duela gutxi Argixao auzoa berritu zuen. Auzo hau 1962 eta 1963an eraiki zen. Berrurbanizazio lanak Campezo enpresak egin ditu. Aurrekontua 250.000 eurokoa izan da.
Auzoaren barrualdean, etxebizitza eraikinen artean, dagoen espazioa erabat berritu da: pasealekuak, lorategiak eta haur parkea berritu egin dira irisgarritasuna hobetzeko eta auzoa bizilagunentzat atseginagoa egiteko. Duela 60 urte eraikitako auzoak itxura modernoa hartu du.
Gainera, saneamendu azpiegiturak berritu egin dira eta arrapalak egin dira auzoa eta atariak irisgarriagoak egiteko. Bukatzeko, auzoko plazan iturri bat eta gaikako bilketa ahalbidetzen duten paperontziak jarri dira.