Jose Angel Igartzabalek (Zumarraga, 1942) 50 urte bete ditu bake epaile karguan. Aurten utziko du. Zumarragako Udalak kondekorazio bat eskatu du berarentzat, aho batez.
Zein da bake epailearen lana?
Bake epailearen figura XIX. mendean sortu zen, lehen instantziako epaitegia eta instrukziokoa ez zuten herrietan. Bere zereginak epailearen erabakiak jakinaraztea, deklarazioak hartzea, erregistro zibilaz arduratzea (ezkontza zibilak barne), adiskidetze-ekitaldiak eta 90 eurotik beherako epaiketa zibilak dira.
Zertan datza adiskidetze-ekitaldiak?
Ez ordaintzeen ingurukoak izaten dira. Epailea, bere esku dituen argumentuak erabiliz, demandatzailea eta demandatua ados jartzen saiatzen da. Hala, ez dute epaiketa beharrik izango eta epaiketako gastuak aurreztuko dituzte. Demandatzailea eta demandatua ados jartzea oso pozgarria da, zure bitartekari lanak fruitua eman duela sentitzen baituzu. Zure karguak funtzio sozial bat betetzen duela.
Zer diozu ezkontza zibilez?
Frankismo garaian Errepublika garaiko ezkontza zibilak baliogabetu egin ziren. Gainera, katolikoa ez zen beste erlijio bat jarraitzen zutenak bakarrik ezkon zitezkeen zibiletik. Estatuko herritarren kasuan, beraien herriko parrokoak egindako apostasia ziurtagiria aurkeztu behar zuten. Testuinguru sozio-erlijioso hartan, oso zaila zen inor pauso hori ematera ausartzea. Ia inor ez zen zibiletik ezkontzen. Nik bikote bakarra ezkondu nuen.
Egun, ordea, bikote gehienak zibiletik ezkontzen dira.
Demokrazia heldu zenean, ezkontza zibilak onartu ziren. Hasieratik, zeremonia horiek merezi duten solemnitatearekin egitea erabaki nuen. Dagoeneko 636 bikote ezkondu ditut. Gehienak Legazpi dorretxean ezkontzen dira. Batzuk musika eta poesia errezitaldi eta guzti. Behin, bikotea bere txakurrarekin joan zen. Txakurrak poltsatxo bat zeraman lepokoan eta bertan eraztunak zeramatzan. Bestalde, bitan ospitalean egin ditut ezkontzak, in articulo mortis. Zumarragan ez dago alde handirik ezkontza zibilen eta kanonikoen artean. Nire ustez, bikote askok Antion ezkondu nahi dutelako gertatzen da hori.
Lan ez horren atseginak egitea ere suertatu zaizu. Hilotzak altxatzea, esaterako.
Egun, guardiako epaitegiak egiten du lan hori. Ondoren, hilotzak Institutu Anatomiko Forentsera eramaten dira autopsia egitera. 1970eko hamarkadan, ordea, bake epaileak arduratzen ginen. Zumarragan, hilotzak esku-ohe xume batean jartzen ziren eta udalaren kamionetan hilerriko autopsia gelara eramaten ziren. Gaueko isiltasunean, Hitchcock-en pelikula batean geundela zirudien. Egun, ehorztetxe baten laguntzarekin egiten da lan hori. Egokiagoa da.
Zer eman dizu bake epaile karguak?
Gure lanean, legedia ezagutzea, diskrezioa eta sen ona ezinbestekoak iruditzen zaizkit. Nire lanean miseria gertutik ikusteko eta laguntza eskatu didan jende xumeari laguntzeko aukera izan dut. Laguntzeko aukera edukitzea oso atsegina da. Alde horretatik, merezi du bake epailea izateak.
Korporazioko kide guztiek Peñaforteko San Raimundoren Gurutzea eskatu dute zuretzat.
Udalean ordezkaritza duten sentsibilitate ezberdinetako alderdiek hori adosteak hunkitu egin nau. Prentsaren bitartez izan nuen horren berri eta azaldu ezin dudan zerbait sentitu nuen. Zumarragan jaio nintzen eta horrek zumarragarra izateaz harro sentiarazten nau. Eskerrak eman nahi dizkiet, bihotzez, korporazioko kide guztiei.