A-636 errepideko bidesarien aurkako plataformak eta garraiolarien Hiru sindikatuak manifestazioa deitu dute biharko. 11:00etan abiatuko da Areizaga-Kalebarren plazatik eta Urretxu eta Zumarragako kaleak zeharkatuko ditu.
Antolatzaileek prentsaurrekoa egin zuten asteazken iluntzean, Goierriko eta Debagoieneko herritarrak parte hartzera animatzeko.
Markel Olano ahaldun nagusiak eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak hainbat komunikabidetan esandakoak kritikatu zituzten. «Bidesaria ezartzeko erabiltzen ari diren argumentuei aurre egin nahi diegu. Ez da egia Europar Batasunak bidesariak ezartzera behartzen diela. Europako direktibek helburuak ezartzen dituzte, ez diote hilean 35 euroko bidesari bat ezarri behar denik. Olanok eta Oiarbidek lurralde kohesioa ere aipatu dute. Baina bidesariek ez dute lurralde bat kohesionatzen. Guztiz aurkakoa egiten dute: trabak jartzen dituzte».
Plataformako kideek bidesaria banketxeen aginduz ezarri dlea diote. «Olano jaunari eta Oiarbide andereari bederatzi banketxerekin sinatu dituzten kontratuei buruz galdetuko genieke gustura asko. Banketxeekin sinatu duten maileguan, eremu honetan bidesariak jarriko direla zehazten da eta baita bidesari horien zenbatekoa ere».
Horrekin lotuta, bidesarien prezioak gora egin behar duela aurreratu zuten. «Hori adostu dute, baina ez dute publiko egin. Eta beraiek esan nahi ez dutenez, guk esango dugu: igoera %2,5ekoa edo KPIaren araberakoa izatea zehaztu dute. KPIaren araberakoa izango da, noski. Aurreko hilean KPIa %9 igo zen. Kezkatzeko arrazoiak ditugu».
Estatu espainiarreko beste toki batzuetan bidesariak kentzen ari direla eta hemen jartzen ari direla ere salatu zuten. «Prentsan 2023tik aurrera autobideetan ere bidesariak jarri behar dituztela aipatu dute. Baina azken urteetan, Estatu espainiarrean, 550 kilometrotan bidesaria kendu dute. Aurki, AP-68ko (Bilbo-Zaragoza) Errioxako eta Zaragozako zatian bidesaria kenduko da. Araban eta Bizkaian, berriz, kobratzen jarraituko dute. Beste behin, EAJ eta PSE-EE bidesari bidegabeak kobratzen. Pere Navarro Espainiako Trafiko zuzendariak langileei, ikasleei eta ospitalera joan beharra dutenei ez zaizkiela bidesariak jarriko esan zuen. A-636a langileek, ikasleek eta ospitaleko erabiltzailek erabiltzen dute».