ikuskizun musikala eskainiko dute Korrikaren amaiera egunean, Donostian
Iker Alvarez urretxuarrak zuzendutako ‘Zutik!’ marrazki bizidun pelikulako iratxoek ere Korrikarekin bat egin dute. Gookapi basoko pertsonaiek haurrei zuzenduriko ikuskizun musikala eskaini zuten atzo Amurrion, Korrikaren hasieran, eta hilaren 10ean Donostian egongo dira, Korrikaren amaiera egunean.
Pintxo, Mithy, Liz, Hur, Xira, Maixu Jakintsu eta gainerako iratxoak oholtzara igoko dira eta kantu sekretuen bidez euren unibertsoko nondik norakoak azalduko dizkiete txikienei.
Pertsonaia magiko hauek 3D abatar interaktibo gisa azalduko dira eszenatokian, errealitate areagotuari esker. Baina ez dira bakarrik egongo; Iñigito Txapelpunk abeslaria, Andrea Covadonga eta Ugaitz Alegria aktoreak eta Irati eta Naia dantzariak izango dituzte lagun.
Ikuskizun “berritzaile” eta “emozioz beterikoa” dela baieztatu dute antolatzaileek. Gainera, Korrikaren omenez, iratxoek abesti bat sortu dute, Azkena Putxi, eta emanaldian erakutsiko dute.