Espainian uraren kudeaketa publikoa babesteko jaio den Red de Agua Publica (RAP) sareak “Urretxu eta Zumarragako uraren pribatizazioa” salatu duela jakinarazi du Onura Publikoa plataformak.
Horra hor Onura Publikoa plataformak igorritako prentsa oharra. “Joan den astean ospatu zen uraren mundu eguna dela eta, Red de Agua Puublica-k (RAP) ura eta saneamendua aldarrikatu ditu Nazio Batuek onartutako giza-eskubide gisa. Leo Heller-ek, Nazio Batuen aurreko errelatore bereziak, hornidura eta saneamendu zerbitzuak pribatizatzeak eta merkantilizatzeak arrisku larriak dakartzala dio giza eskubide horientzat, hiru faktoreren konbinazioaren ondorioz: irabaziak maximizatzea, zerbitzuen monopolio naturalak (merkatu gatibuak) eta botere abusuengatik
Testuinguru horretan Espainian uraren kudeaketa publikoa babesteko jaio den RAP sareak Urretxu eta Zumarragako uraren pribatizazioa salatu du. Gipuzkoako udalerri bakarrak dira kudeaketa publikoa ez dutenak, Suez multinazionaleko Aquarbek kontzesioa duelarik. Hain zuzen ere, Suez enpresa salatua izan da praktika ustelengatik (Petrum eta Pokemon kasuak), eta behin eta berriz botere abusuak egin ditu uraren kudeaketa publikoa defendatzen duten udalen aurka, hala nola Valladolid, Terrassa, Arteixo, Bartzelona eta Manresako udalen aurka.
Red de Agua Puublica-k salatzen du, Zumarragan ura pribatizatuz, 2007an 2,5 milioi euroko kanona jaso zuela udalak, eta hamabost urtez kontsumitzaileek ordaindu dutela mailegu hau interesak barne, fakturen bidez. Gainera, Aquarbek irabaziak maximizatzeko intentzio argia izan duela frogatuz, bidegabeko tarifikazioa ezarri da, eta, horren ondorioz, fakturak nabarmen hazi dira. Horren ondorioz, Urretxuko eta, bereziki, Zumarragako ura dira Gipuzkoako garestienak. Azken hiru urteetan, benetako espolioa eta errenta transmisioa gertatu da herritarren poltsikoetatik multinazional ase ezin baten patriketara, PSE-EEk gobernatutako udalaren erabateko adostasunarekin.
Bi udalerrietan Aquarberekin zuten kontzesioa 2021ean bukatu izanak agertoki egokia aurkeztu zuen ur zerbitzua publifikatu eta munizipalizatzeko. Hala ere, bi udal horiek, gehiengo absolutuz PSE-EE eta EAJk gobernatuta, ez zuten helburu hau aintzat hartu. Urretxuk kontsezioa luzatzea erabaki zuen, eta Zumarragak ezin izan zuen luzatu, Udaleko kontu hartzaileak kontrako txostena egin baitzuen, Aquarbek kanona 15 urteko epean amortizatu zuela argudiatuz. Gaur egun, Zumarraga pribatizatzen jarraitzeko pleguak idazten ari da, eta 2022rako luzapen estalia egin du.
Herritarren parte hartze aske eta aktiborik gabe hartu dira erabaki horiek. Eskubide bortxaketa hori ikusita eta ura giza eskubide bezala ulertuz, RAPek Urretxu eta Zumarragako udalei dei egiten die iritziz aldatzeko eta prozesu parte hartzaile eta garden bati ekiteko, bi herri hauek Gipuzkoan salbuespen pribatizatzaile eta merkantilizatzaile izateari uzteko.
RAPek babesa ematen dio Onura Publikoa plataformari helburu hori lortzeko borrokan, berandu baino lehen lortuko delakoaren uste osoz.
Red Agua Pública Estatuko dozenaka plataforma, gizarte, ingurumen eta sindikatu erakunde biltzen dituen gunea da. Ura ondasun komun eta giza eskubide gisa ulertzea sustatzen dute, eta kudeaketa publikoaren alde borrokatzen dira, irabazi asmorik gabe, gardena eta hornidura eta saneamendu zerbitzuen partaidetza duena. Informazio gehiago, redaguapublica.wordpress.com-en”.