Biharko partida kamiseta urdinarekin jokatuko dute eta Gautenako kideak gaurko entrenamendura eta biharko partidara gonbidatu dituzte
Autismoaren Espektroko Nahastea (TEA) duten pertsonen errealitatea ezagutzera emateko eguna da apirilaren 2a eta Urolak bere ekarpena egitea erabaki du. Euskal Herrian barrena azken urteetan zabaldu den Urdinduz ekimenera batuz, bihar (larunbata) Ohorezko Mailako mutilek elastiko urdinarekin jokatuko dute Zarautzen aurkako partida Argixao futbol zelaian. Horrez gain, Gautena elkartearen Goierriko ordezkaritzako kideak Argixaora gonbidatu ditu, ostiralean entrenamendu saiora eta larunbatean Ohorezko Mailako partidara.
Ostiralean entrenamendu saioa nola egiten duten ikusi ahal izango dute Gautenako kideek, eta larunbatean, Ohorezko Mailako partida bat bertatik bertara ikusi. Atsedenaldian, Urolak eta Zarautzek argazkia egingo dute eurekin.
Gautena TEA duten pertsonen senideen elkartea da. Familia hauei laguntza eta aukera egokiak eskaintzeko lan egiten du, bizi-kalitate ona izan dezaten. Horrez gain, gizartea autismoaren inguruan sentsibilizatzea du helburu. Goierriko ordezkaritzaren egoitza Zumarragan dagoela baliatuz, Urolaren lehen taldeko gazteek Autismoaren Espektroko Nahasmena duten familien egunorokotasuna gertutik ezagutzeko aukera izango dute Gautenako ordezkariekin hitz eginez.
Astebururako eguraldi makurra iragarrita dagoen arren, Urolak Argixaora igotzeko deia egiten die Urretxuko eta Zumarragako herritarrei, euren taldea animatzera eta Autismoaren Nazioarteko Egunarekin bat egitera.