Aste Santua gainean da eta bi urteko pandemiaren ondoren bisitari andana espero da. Urola Garaia mankomunitateak bere eskaintza aurkeztu du eta erakusketa bat prestatu du Antioko interpretazio zentroan, Zumarragako txoko hori bisitatzen dutenek Goierri garaiko gainontzeko toki erakargarriak ere bisita ditzaten.
Eskaintza eta erakusketa atzo aurkeztu zituzten. Ekitaldian Iker Goiria aldundiko Turismo zuzendariak, Jon Luqui mankomunitateko lehendakariak, Mikel Serrano Zumarragako alkateak, Amaia Reta eta Nagore Gonzalez Antioko turismo bulegoko teknikariek, Agurtzane Elustondo Lenburreko kudeatzaileak eta Kizkitza Ugarteburu Igartubeitiko arduradunak parte hartu zuten.
Zumarragako alkateak Antioko interpretazio zentroan elkartutako guztiei ongi etorria eman zien eta elkarlanaren garrantzia azpimarratu zuen.
Luquik erakusketarako pandemian antolatu zen lehiaketan saritutako argazkiak aukeratu direla aipatu zuen. Bost panel jarri dira. Beraietan, industriarekin lotutako turismoaren, esperientzien, ondarearen eta naturaren berri ematen da. Paneletan, kulturaren, ohituren, festen, museoen, Inaziotar Bidearen eta Aizkorri-Aratz parke naturalaren berri ematen da, besteak beste. «Erakusketa ibiltaria izango da. Legazpiko Artzain Egunean eta Igartubeitiko Sagardo Astean ere egongo da, besteak beste».
Goiriak Goierri garaira gustura joaten dela esan zuen. «Eskualde txikiena da, baina baliabide potenteak ditu. Hemen elkarkidetza inon baino garrantzitsuagoa da eta sarritan etortzen gara, laguntzera eta hemengo baliabideak balioan jartzera. Gustuz eta konbentzimenduz etortzen gara, gainera».
Goiriak teknikarien lana goraipatu zuen eta Loiola, Arantzazu eta Antioren definizio altuko digitalizazioa egiten ari direla aurreratu zuen. Hala, hiru tenplu horien bisita birtuala inoiz baino ikusgarriagoa izango da. «Barnealdeko turismoak gorakada bizi du. Turistak bizipenak nahi ditu eta barnealdeak bizipenak eskaintzen ditu».
Retak, Elustondok eta Ugarteburuk Aste Santuko eskaintzaren berri eman zuten. «Baliabide guztiak zabalik egongo dira. Hiru berrikuntza egongo dira: Legazpin prozesioa egingo dute (igande honetan) eta Fabrika gunea bisitatzeko aukera egongo da eta Igartubeitin sagardo zukua egiteko aukera egongo da», aipatu zuen Retak.
Antioko erakusketaz ere hitz egin zuen. «Aste Santuan jende asko etorri ohi da Antiora eta erakusketaren bidez gainontzeko toki guztiak bisitatzera animatu nahi ditugu. Antion bertan, Pazko bigarrenean, jolasak, txokolate jana eta herri kirolak egongo dira. Turistentzako oso festa erakargarria da. Urretxun, Santa Barbaran eta Ederrena pilotalekuan, haurrentzako tailerrak eta jolasak egongo dira Pazko Astean».
Elustondok Legazpiko eskaintzaren berri eman zuen. «Burdinolaren eta langileen ibilbideak ditugu. Burdinolaren ibilbidean, Mirandaolako burdinola, Ogiaren Txokoa, Igaralde errota eta Burdinaren Museoa bisita daitezke. Langileen ibilbidean, berriz, 1950eko etxebizitza eta eskola, Chillida Lantokia eta Fabrika. Fabrikan Euskal Herriaren industrializazioari buruzko guztia aurki daiteke. Bestalde, maiatzaren 8an Mirandaola Eguna ospatuko da».
Ugarteburuk sagar uzta primerakoa izan dela eta apirileko larunbat arratsaldetan Igartubeitira gerturatzen direnek sagar zukua egiteko eta ondoren beraiek egindako zukua dastatzeko aukera izango dutela aipatu zuen. Gainera, bisita gidatuak eta haurrentzako jolasak egongo dira.
Gonzalezek QR bat duen txartel bat argitaratu dutela aipatu zuen. Bere eskutik, bisitariek behar duten informazio guztia eskuratuko dute. Horretaz gain, urolagaraia.com , lenbur.com eta igartubeitibaserria.eus webguneak bisita daitezke.