Atzo arratsaldean Goñiren oroimenezko txapelketako eta pilota txapelketa herrikoiko finalerdietako azken partidak jokatu ziren. Txapelketa herrikoian Oliveirak eta Tapiadorrek finalerako txartela lortu zuten, Rodriguez eta Antia 18-6 mendean hartuta. Rodriguezen eta Alemanen aurka jokatuko dute finalean.
Goñiren oroimenezko txapelketari dagokionez, binakako txapelketan Eneko Labakak eta Aizpuruk 22 eta 19 irabazi zieten Hodei Exposito eta Ugartemendiari eta lau t’erdikoan Unai Amiano 22 eta 21 gailendu zitzaion Aranbarriri.
Hala, lau t’erdiko finala Ekhi Irribarria aramarrak eta Unai Amianok jokatuko dute eta binakakoa Elola-Irazustabarrenak eta Eneko Labaka-Aizpuruk.
Hiru finalak datorren asteazkenean jokatuko dira, Zumarragako Beloki pilotalekuan, 18:30etik aurrera. Datorren asteazkeneko jaialdirako sarrerak salgai daude jada, 5 euroren truke, aldez aurreko salmentan. Igandetik aurrera 8 euro balioko dute. Beloki pilotalekuan eros daitezke (943720293). Baita 697 502 025 zenbakira deituta ere.