Antxiñako Ama txistulari taldeak ere pandemia pairatu du, noski. Azken bi urteetan ezin izan dute Gabonetako kontzertu erraldoia egin. Iaz dena prest zuten eta azken unean bertan behera utzi behar izan zuten. Baina Zumarragako txistulariak ez dira amore ematen duten horietakoak. Larunbat honetan egingo dute: pandemiari agur esango diote eta udaberriari ongi etorria eman. Ikuskizuna 19:30ean izango da, Beloki pilotalekuan.
Beti bezala, dozenaka artistek parte hartuko dute: Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako txistulariek, Secundino Esnaola musika eskolako ikasleek, Irrintzi eta Lurra dantza taldeek, Gorobel metal boskoteak, Maddi eta Garazi Martin abeslariek, Mikel Alustiza abeslariak, Uxue Kerejeta abeslari eta panderojoleak, Kike Mora baxu-jotzaileak, Carlos Sagi perkusio-jotzaileak, Dani Tomas gitarra-jotzaileak, Arantzazu Mujika biolinistak, Javier Arratibel pianistak eta Edurne Iturbe trikitilariak. Maria Jesus Arratibelek zuzenduko du kontzertua.
Aitor Goia eta Josu Perez argazkilariek emanaldia beraien argazkiekin edertuko dute. Aurkezle lanetan Larraitz Urrestilla eta Joanes Segurola arituko dira. Sarrera librea izango da, pilotalekua bete arte.
Musikariek Korrontzi (Aupa Maurizia), Julen Alonso (Bizigoza), Sorotan Bele (Atalaia eta Uxo zuria), Kepa Junkera (Fandangoa eta Maume), Huntza (Iñundik iñoare eta Deabruak gara), Etxahun Iruri (Ai zer plazerra), Iñaki Eizmendi (Ene maitia nauzu), Ostolaza eta Unsain (Zazpiak oihal batetik), Bulego (Kantu bat) eta En tol sarmientoren (Aukera berriak) kantak joko dituzte.
Kontzertuari Aukera berriak izena eman diote, hain zuzen ere. «Txistu kontzertuari hainbeste urtetan eutsi izanak berezko izaera eman dio herriari eta herriko historiari. Transmisio kate luze honekin jarraitzeko asmoa dugu eta aurten ere kontzertu berritzailea aurkeztuko dugu. Aukera berriak izango da aurtengo kontzertuaren leloa. Pandemian kulturak jasandako alderdi ilunak baztertu eta argitasunera bidaiatu nahi dugu», diote txistulari taldekoek.
Pilotalekua begirada baikorrez bete nahiko dute. «Pandemia garai honetan gordintasun osoz ikusi ahal izan ditugu gizakion eta gizartearen itzalak eta gabeziak, eta horiei bizkarra eman gabe, bizitzaren edertasunari ateak ireki nahi dizkiogu. Musika edertasuna bilatzeko bideetako bat dela sinistuz, magiaz beteriko doinuak izango ditugu bidelagun. Ohiturak zainduz, folklorea mantenduz, sustraiak tinko errotuz, bainan beti garapena, eraldaketa eta berrikuntzei tokia emanez, programa interesgarria burutu dugu».
Kontzertuan Zumarragako Trikitixari keinu txiki bat egingo diote, euren 100. urteurrena dela eta. «Zumarragako Trikitixari esker, musikaren transmisio kate luze bat eman da. Beti eutsi izan diote trikitia egiteko berezko moldeari eta horregatik, kulturaren adierazle nagusiak izan dira».