Xabier Isasa txirrindulari urretxuarrak Euskal Herriko Itzulian parte hartu du profesional mailako lehen denboraldian eta bukatzea lortu du, gainera. Itzulia egutegiko lasterketa garrantzitsu eta gogorrenetakoa da.
Isasa “oso gustura” ageri da. “Gogorra izan da. Lehenengoz World Tour-eko lasterketa batean parte hartu dut eta aldea nabaria da. Erritmoa gogorragoa da. Gainera, Itzulia egutegiko lasterketa gogorrenen artean dago. Lehenengoengandik urruti ikusi naiz, baina oso esperientzia ona izan da”.
Euskaltel-Euskadi taldeko zuzendariak ihesaldietan sartzen ahalegintzeko agindu zien eta hori egin zuen. “Lehen egunean taldekide batek eguneko ihesaldian sartzea lortu zuen. Hurrengo egunetan zailagoa izan zen eta ez genuen lortu, saiatu ginen arren. Ihesaldietan sartzeko saiakera asko egin behar ziren. Egunero lehertuta heltzen ginen helmugara. Azken etapa orain arte egin dudan gogorrena izan zen”.
Gainontzeko txirrindulariek bezala, euskal zaleen bultzada jaso zuen. “Mendateetan bizitakoak bizikleta gainean bizi izan ditudan une onenak dira: denak kamiseta laranjarekin eta ikurriñekin, pasilloa egiten…”.
Bere hurrengo erronka Bretainiako itzulia da, bi aste barru. Ondoren, atseden hartuko du.