Lehenengoz, nesken txapelketan mutilenean bezainbeste taldek parte hartuko dute
Ostegun goizean Iñaki Mendiluze Txugiren omenezko futbol txapelketaren 25. edizioa jokatuko dute Argixao futbol Zelaian. Inoiz baino talde gehiagok jokatuko dute, nesken txapelketan lehenengoz zortzi talde arituko baitira.
Emakumezkoen torneoan 2008 eta 2009 urteetan jaiotako neskek parte hartuko dute: haur mailakoek. A multzoan Real Sociedad, Urola, Dux Logroño eta Oñatiko Aloña Mendi arituko dira. B multzoan, berriz, Athletic Club, Alaves, Martutene eta Goierri Gorri.
Gizonezkoen txapelketari dagokionez, kimu mailakoek parte hartuko dute (2010ean jaioak).
D taldean Real Sociedad, Urola, Aloña Mendi eta Tafallako Peña Sport arituko dira eta E taldean Eibar, Alaves, Aretxabaletako UDA eta Arrasate.
Txapelketaren lehen fasea 09:30ean hasiko da eta bigarrena 12:30ean. Bigarren fasea hasi aurretik, Iñaki Mendiluzeren familiak eta Urolak lore eskaintza egingo dute monolitoaren aurrean. Finalak 14:00etik aurrera jokatuko dira eta sari banaketa ekitaldia 15:00etan izango da.
Partidak beheko eta goiko zelaian jokatuko dira, Argixaon eta Luis Urdangarinen. Partida guztiek 20 minutuko iraupena izango dute. Lehen fasean talde guztiek hiru neurketa jokatuko dituzte. Multzo bakoitzeko bi talde onenak Txapeldunen Ligara pasako dira eta hirugarren eta laugarren postuan sailkatzen direnek Kopa jokatuko dute. Batean zein bestean, finalerdia, hirugarren posturako partida eta finala jokatuko dira. Kopako finalak 14:00etan jokatuko dira eta Txapeldunen Ligako finalak 14:30ean. Urolak eskerrak eman nahi dizkie bi udalei eta klubaren babesleei.
Txapelketa atzo aurkeztu zuten, Zumarragako kultur etxean. Ekitaldian, Jotxin Iturbe Urolako lehendakariak, Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Jon Luqui Urretxuko alkateak parte hartu zuten.
Serranok txapelketa hau «erreferentea» dela esan zuen eta azken bi urteetan ezin izan dela jokatu gogoratu zuen. «Argixaoko belar artifiziala berritu genuen eta lehenengoz belar berriarekin jokatuko da».
Iturbek txapelketaren 25. edizioa eta klubaren 50. urteurrena urte berean ospatuko direla aipatu zuen. «Aurtengoa berezia izatea nahi genuen eta hala izango da. Lehen aldiz, nesken txapelketan ere zortzi taldek parte hartuko dute. Urrats garrantzitsua da eta eutsi egingo diogu».
Bestalde, Mendiluze gogoratu zuen. «Txapelketa honek Iñaki gogoratzeko, omenaldi xume bat egiteko eta bere familiari besarkada emateko aukera eskaintzen ditugu».
Luquik Urolak egiten duen lana goraipatu zuen. «Iñakik hau guztia ikusiko balu, beharbada ikusten egongo da, harro egongo litzateke. Txapelketari 25 urtetan eustea lan handia da. Gainera, torneoa eboluzionatzen ari da eta hori ere poztekoa da. Emakumeen talde kopuruak gora egin izanak poztekoa da. Ostegunekoa egun polita izango da. Gozatzeko eta elkarrekin egoteko eguna. Aupa Txugi eta aupa Urola!».