UGLE Ortoprotesietako eta Laguntza Produktuetako Goi Mailako Teknikari ikasketak ematen dituen Gipuzkoako lanbide eskola bakarra da. Erkidegoan beste bat soilik dago, Gasteizen. Bi urtean behin promozio bat ateratzen da eta udaberri honetan laugarrena aterako da. Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Errioxako 15 bat ikaslek osatzen dute. Azken bi ikasturte hauetan, protesiak eta ortesiak fabrikatzen ikasteaz gain, pazienteekin lan egin dute. Lankidetza honi esker, pazienteek hainbat produktu doan lortu dituzte eta ikasleek praktika egin dituzte: gorputz-adarren bat falta duten pertsonekin hartu-emana izaten eta beraien beharrak asetzen ikasi dute.
Ortoprotesikak ortesiak eta protesiak fabrikatzean datza. «Pazientearen neurrira egin daitezke, edo ez. Neurrira egiten ez direnean, taila ezberdinak egiten dira eta pazienteak bere aukeratzen du. Ortesiak barne-zolak, belaun-babesak, kaskoak eta halakoak dira. Protesiek, berriz, gorputz-adar bat ordezkatzen dute: besoa, behatza, zangoa…», azaldu du Itziar Tolosa irakasleak.
Ortopedia askotan eskuz lan egiten dute oraindik, baina UGLE teknologia txertatzen saiatzen ari da. «Teknologiaren aldeko apustua egin dugu eta ohiko prozesua eskanerrekin, ordenagailuekin eta 3D inprimagailuekin ordezkatzen ari gara, besteak beste. Dena den, ikasleek betiko moduan lan egiten ere ikasten dute, noski», azaldu du Tolosak.
Bigarren ikasturtearen amaieran ikasleek pazienteekin praktikak egiten dituzte. «Jardunaldi hauek pazienteekin hartu-emana izateko balio diete, arlo psikologikoa lantzeko. Baita erabiliak izango dira produktuak fabrikatzeko ere».
Aurtengo jardunaldia martxoan izan da. Bi paziente UGLEra joan ziren ikasleek beraientzat egin zituzten produktuak probatzera. «Bi pazienteak kirolariak dira. Batek istripu bat izan zuen triatloia egiten ari zela eta besteak eskalada egiten ari zela. Ikasleek ahokadurak eta zorroak egin dizkiete. Ahokadurak oso garrantzitsuak dira protesiak minik egin ez dezan eta zorroen funtzioa, berriz, estetikoa da. Izan ere, protesiak finak izan ohi dira eta praka luzeak jantzi arren, erabiltzaileak protesia daramala nabaritzen da. Zorroari esker, ez da nabaritzen», azaldu du irakasleak.
Pazienteak oso gustura gelditu ziren UGLEko ikasleek egindako lanarekin. Gainera, diru asko aurreztu zuten. Izan ere, zorroak eta ahokadurak beraien poltsikotik ordaindu behar izaten dituzte eta oso garestiak izan ohi dira.
Ikasleek, berriz, praktikak egiteko aukera izan dute. Udaberri honetan bertan amaituko dituzte ikasketak. Ondoren, ortoprotesika munduan lan egiteko aukera izango dute.
Bestalde, goi mailako ziklo honetako tituluak unibertsitateko ateak ere irekiko dizkie. Ortoprotesika ikasketen eskutik Gizarte Hezkuntza, Erizaintza, Fisioterapia, Logopedia, Podologia, Gizarte Langintza, Ingeniaritza eta Medikuntza ikasketak egin daitezke.