Larunbatean Poligrafo Fest rock jaialdia egin zuten Urretxuko Gernikako Arbola plazan. Lau taldek jo zuten: Polybius, Tzar, Messura eta Tiburona. Eguraldiak lagundu ez bazuen ere, jende asko elkartu zen plazako karpan.
Zestoako Polyibius taldeak pop musika egiten du. Talde horretan Urretxun bizi den Raul Olaizolak jotzen du. Lazkao-Hondarribiako Tzarrek, berriz, stoner-hardcore musika egiten du.
Logroñoko Messura taldeak indie musika jotzen du eta Madrilgo Tiburona taldeak, berriz, rock musika egiten du. Messura taldean David Burgui zumarragarrak jotzen du.
Jaialdia Zarraparraz taldeak, Urretxuko Motz eta Fox tabernek eta Urretxuko eta Zumarragako udalek antolatu zuten. Antolatzaileak gustura ageri dira. “Oso gustura gaude. Jendeak ondo erantzun zuen eta musikariak ere oso gustura itzuli ziren etxera. Pandemiaren ondoren, jendeak zuzeneko musika entzuteko eta lasai dantza egiteko gogoa zuen. Ikusle askok eskerrak eman zizkiguten jaialdia antolatzeagatik”, azaldu du Zarraparraz taldeko Gaizka Oiartzabalek.
Horra hor Javi Alonsok ateratako argazkiak: 1. Messura (lurrean dagoena David Burgui zumarragarra da). 2. Polybius. 3. Tiburona. 4. Tzar.