Elene Lete Realeko futbolaria aparteko denboraldia egiten ari da. Zumarragako atezainak 19 urte bakarrik ditu, baina titular postua lortu du. Partida gehienak jokatzen ari da eta Natalia Arroyo entrenatzaileak bere lana goraipatu du.
Igandean Arroyori egindako elkarrizketa argitaratu zuten El Mundo Deportivo egunkarian. Kazetariak zein jokalarik txunditu duen galdetu zion eta Arroyok Lete aipatu zuen. “Jokalari guztiak aurreko denboraldian baino eginkizun garrantzitsuagoa edukitzen ari dira eta bigarren postua lortzeko maila dutela erakusten ari dira. Bat aukeratu beharra badut, Elene Lete aukeratuko dut. Aurreko denboraldian partida bat jokatu zuen. Oparia izan zen, Anderrek, atezainen entrenatzaileak, merezi zuela uste zuelako. Realak eduki duen atezain onenaren (Mariasun Quiñones) eta oso ondo lehiatzen ari zen beste baten (Adriana Nanclares) itzalean egon zen. Baina Elene hazi egin da, partida askotan titularra izan da eta maila ona ematen ari da. Gehien txunditu gaituen jokalaria dela esan daiteke. Dena den, ni ez nau horrenbeste txunditu, entrenamenduetan ikusten bainuen. Sekulako maila du”.