Urretxuko eta Zumarragako Urola Triatloi Klubak Duatloi Txikia antolatu du larunbaterako. 2008tik 2013ra bitartean, biak barne, jaiotako Gipuzkoako haurrek parte hartu ahal izango dute.
Urretxuko eta Zumarragako Urola Triatloi Klubak harrobia zaintzeko lan bikaina egiten du. Urtero haurrentzako duatloi bat antolatzen du, Duatloi Txikia izenekoa. Aurtengoa larunbat honetan izango da.
Aurreko edizioa 2019an izan zen. Azken bi urteetan ezin izan da egin, pandemia dela eta. Aurtengoa zazpigarren edizioa izango da. Proba 16:00etan hasiko da, Areizaga-Kalebarren plazan.
2008tik 2013ra (biak barne) jaiotako haurrek parte hartuko dute, hiru mailatan banatuta: 9 eta 10 urtekoak, 11 eta 12 urtekoak eta 13 eta 14 urtekoak. Gipuzkoarrek bakarrik parte hartu ahal izango dute.
2012an eta 2013an jaiotakoek 450 metro egingo dituzte korrika, ondoren 1.500 metro egingo dituzte bizikletan eta amaitzeko beste 450 metro egingo dituzte korrika.
2010ean eta 2011n jaiotakoek, kimu mailakoek, 750 metro egingo dituzte korrika, ondoren 2.000 metro bizikletan eta bukatzeko 450 metro korrika.
2008an eta 2009an jaiotakoek, haur mailakoek, 1.200 metro egingo dituzte korrika, ondoren 2.000 metro bizikletan eta bukatzeko 450 metro egingo dituzte korrika.
Probarako beharrezkoa da norberak bizikleta eta kaskoa ekartzea. Proba hasi aurretik bizikleta plazan utzi beharko da, kaskoarekin batera, horretarako prestatuko duten gunean.
Izen-ematea
Izena emateko, antolatzaileek Urretxu, Zumarraga eta Legazpiko ikastetxeetan banatu dituzten orriak bete behar dira. Egunean bertan 15:30ak arte ere izena emateko aukera egongo da.
Antolatzaileei lana errazte aldera, 15:00etarako bertan egotea komeni da: bai izena emateko, bai dortsala jaso eta bizikleta dagokion tokian uzteko. Izen-ematea doan izango da.
Hiru irteera egingo dira. 16:00etan benjaminak aterako dira (2012an eta 2013an jaiotakoak). Ondoren kimu mailakoak aterako dira (2010ean eta 2011n jaiotakoak). Proba hau bukatutakoan, haur mailakoak aterako dira (2008an eta 2009an jaiotakoak).
Parte hartzaileei oroigarri bana emango diete eta sari banaketa ekitaldia 17:00etan izango da. Lasterketa bakoitzeko lehen hiru neskak eta mutilak podiumera igoko dira. Bukaeran, parte hartzaile guztiek taldeko argazkia aterako dute.
Urola Triatloi Klubak eskerrak eman nahi dizkie proba hau aurrera ateratzen lagundu dieten guztiei: Plazaola Iturgintza, Zerki, Zatika, Urzubi, Urretxuko Udala, Zumarragako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Gipuzkoako Triatloi Federazioa.