Xabi Bandiniren 'Zalantza eta egia' kantarekin parte hartu du. Kerejetaren bideoa bozkatuena izan da. Finalerdiak maiatzaren 31n eta ekainaren 7an izango dira
Uxue Kerejeta musikari zumarragarra Gaztea Cover lehiaketako finalerdira sailkatu da. Kerejetak Xabi Bandiniren Zalantza eta egia kanta jo du, Legazpi dorretxeko pianoarekin. 120 abesti aurkeztu dira eta Kerejetarena entzuleek bozkatuena izan da. Publikoak lau musikari aukeratu ditu eta finalerdietara pasako diren gainontzeko hamaseiak epaimahaiak hautatuko ditu. Finalerdiak maiatzaren 31n eta ekainaren 7an emitituko dira eta sei lagun pasako dira finalera. Finala ekainaren 14an izango da eta ETB1en emango dute.
Kerejeta oso pozik dago, noski. «Duela bost bat urte gitarra bat oparitu zidaten eta coverrak (beste artista batzuen abestien bertsioak) egiten hasi nintzen. Oso eroso sentitzen naiz. Abesti bat jotzen duzunean, nahiz eta zurea ez izan, zurea egitea oso garrantzitsua da. Irailean, berriz, piano ikasketak hasi nituen. Irakasle zoragarria dut, Jon Goenaga, eta gozatzen ari naiz», azaldu du.
Jon Goenagaren laguntza
Zalantza eta egia kanta asko gustatzen zaio eta Goenagari pianoarekin jotzeko laguntza eskatu zion. «Partitura erraz bat egin zuen, nik jotzeko modukoa, eta asko gustatzu zitzaidan», aipatu du.
Hala, Gaztea Cover lehiaketaren berri izan zuenean, parte hartzea erabaki zuen. «Oraindik ez dut pianoa menderatzen, baina Zalantza eta egia kanta abesten oso gustura sentitzen naizenez, abesti hori aurkeztea erabaki nuen. Abestiak estratosfera aipatzen du eta ni estratosferara eramaten nau».
Entzuleei abesti hori abesten duenean sentitzen duena transmititu nahi zien eta lortu duela dirudi. Izan ere, bere bideoa bozkatuena izan da. «Musika eskolako pianoarekin grabatu nuen. Bideoa Arri Iraetak grabatu zuen. Ez nuen bozkatuena izatea espero. Asko pozten nau, denek trikitixarekin lotzen bainaute».
Dagoeneko kontzertu bat egiteko deitu diote. Mutrikun joko du. «Gitarrarekin eta teklatuarekin egingo dut. Gainera, nire abestiak konposatzen ari naiz. Gehien gustatzen zaizkidan artisten artean, Idoia Asurmendi eta La Bien Querida daude. Trikitixa ere asko gustatzen zait, noski. Euskal musika da gehien entzuten dudana, baina gauza berriak ezagutzea ondo dago», azaldu du.
Aitaita Andres
Zumarragarra aitaitaren eskutik zaletu zen. «Aitaita Andresekin Arrate Irratia entzuten nuen. Berak mahaia jotzen zuen, panderoa izango balitz bezala. Horren eraginez, trikitixa munduan murgildu nintzen», oroitu du.
Trikitilari gisa hasi zen, baina egun beste musika mota batzuk ere lantzen ditu. «7 urterekin musika eskolara joan nintzen. Hasieratik oso argi nuen trikitixa joko nuela. Handik hiru bat urtetara panderoarekin hasi nintzen. Ikasturte honetan musika eskolan hasi naiz berriro, pianoa ikasten. Musikoterapia masterra egiten ari naiz. Gitarra edo pianoa jakitea eskatu zidaten eta gitarra jotzen badakidanez (apur bat), pianoa ikasten hasi nintzen».
Masterra hasi aurretik, Lehen Hezkuntza Musikala ikasi zuen. «Beharrak dituztenekin musika erabiltzea beti gustatu izan zaidanez, Musikoterapia egitea erabaki nuen».
Zumarragako musikaria Barakaldon ikasten ari da eta praktikak ere bertan egiten ditu. «Adinekoen egoitza batean praktikak egiten ari naiz. Hori dela eta, garai bateko abesti asko ezagutzen ari naiz. Dementzia duten zazpi laguneko lau talderekin lan egiten dut».
Pertsona batek ahazten duen azkeneko gauza musika dela diote eta hala dela ikusten ari da. «Ia dena ahaztu dute, baina beraien gaztaroko abestiak primeran oroitzen dituzte. Guk musika jotzen dugu eta beraiek abestu egiten dute. Oso hunkigarria da. Beraiengana joaten garenean minaz kexatzen dira eta musikoterapia saioetatik berrituta ateratzen dira», amaitu du zumarragarrak.