Goierriko Kontseilu Sozialistak prestatutako hitzaldi-eztabaida zikloaren barruan egingo dute. Paul Beitia izango da hizlaria.
Goierriko Kontseilu Sozialistak euskarari buruzko jardunaldia antolatu du maiatzaren 8rako. Urretxuko gaztetxean egingo dute, 18:00etan. Paul Beitia izango da hizlaria.
Urretxuko gaztetxean egingo den jardunaldiaren izenburua Euskara bidegurutzean da. Jardunaldiko parte hartzaileek Arteka aldizkarian argitaratutako hiru artikuluren inguruan eztabaidatuko dute: 2020ko abenduko aleko Euskara, auzi soziala eta Denok ikusten dugu: euskara galdu da eta 2021eko abenduko Euskara klase ertainen dekadentzia garaian.
Arteka aldizkariaren ale hauek ez dituenak, goierri@kontseilusozialista.eus helbide elektronikora mezua idatzi dezake eta bertsio digitala bidaliko diote.
Zikloaren barne
Maiatzaren 8an Urretxuko gaztetxean egingo den ekitaldia Goierriko Kontseilu Sozialistak prestatutako hitzaldi-eztabaida zikloaren barne antolatu da.
Lehenengo saioa faxismoaren ingurukoa izan zen. «Aipatu genuen bezala, horrelako espazioak beharrezkoak ditugu inguratzen gaituen errealitatea ezagutu eta aztertzeko», azaldu dute Kontseilu Sozialista Goierriko kideek.
Euskarari buruzko saioa, lehenengoa bezala, Ordizian eta Urretxun egin behar zuten. Azkenean, Urretxun bakarrik egingo dute.