Josune Sueskunek janari-denda ireki du eta Mari Carmen Sanchezek Korta taberna hartu du

Eitzako bizilagunak zorioneko dira, gaurtik aurrera merkataritza eta ostalaritza aukera zabalagoa izango baitute: Josune Sueskunek janari-denda ireki du eta Mari Carmen Sanchezek Korta taberna berrireki du. Bien inaugurazio ekitaldia gaur izan. Gerturatu diren guztientzat jana eta edana egon da. Eguraldi bikaina lagun, herritar asko igo dira Eitzara.
Sueskunek bere izeba Julene Izagirreren lekukoa hartu du, Julenek janari-denda izan baitzuen toki berean. Josunek 30 urte daramatza negozioan. Nafarroa kaleko denda itxi eta Eitzara igo da. Eitzan bizi da eta auzoa bizitza ematen laguntzeak ilusioa egiten dio. Beheko dendan saltzen zituen produktu berak salduko ditu: inguruko baserrietako produktuak, Nafarroako baratzekoak eta janari-denda batean topa daitezkeen gainontzeko produktuak.
Mari Carmen Sanchez, berriz, Bartzelonakoa da. Duela 16 urte Euskal Herrira etorrira zen oporretara eta Antiora egindako txangoan egun bere senarra dena ezagutu zuen. Duela 14 urtetik Eitzan bizi da. Urdaneta kalean mertzeria du eta Korta taberna hartzea erabaki du. Bere anaia Joseren laguntza izango du. “Korta toki bikainean dago eta pena ematen zidan ixteak. Ilusioa egiten dit auzoa biziberritzen laguntzeak”, esan du.