Biziolaren helburua eskualde burujabeago, iraunkorrago eta orekatuago bat eraikitzea da
Larunbatean Biziola egitasmoa aurkeztu zuten Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Biziolaren helburua eskualde burujabeago, iraunkorrago eta orekatuago bat eraikitzea da. Larunbatean, Biziola zer den eta zertarako sortu duten azaldu zuten, bazkidetza kanpainaren berri eman zuten eta zalantzak argitu zituzten. Amaieran mokadu bat egin zuten.
Biziolak irabazi asmorik gabeko eta gizarte ekimeneko kooperatiba integral bat proposatzen du. Kooperatiba errealitate bihurtzeko beharrezkoa izango da bazkideak saretzea eta horretarako bazkidetza kanpaina martxan jarri dute. Hiru bazkide mota aurreikusten dituzte: bazkide erabiltzaileak, bazkide laguntzaileak eta lan bazkideak.
Ideiak errealitate bihurtzeko, Biziola Fabrika proiektua martxan jarri nahi dute. Fabrika Lazkaon egongo da. Espazio eta topagune izango da eta bost gune izan ditzakeela aurreikusten dute. Beheko solairuan, hitzaldiak, tailerrak, antzerkiak, mahai inguruak, kontzertu txikiak… egiteko plaza ireki bat egongo da. Baita Bizigaia proiektuaren garapenerako beste bi gune ere: bertako produktuak erosi ahal izateko denda eta produktuak bildu eta banatzeko logistirako gune bat.
Bigarren solairuan bi espazio bereiziko dituzte: bulegoak eta produktuak eraldatzeko espazio bat. Hasiera batean, Asti Goxo proiektuari zabalduko zaio gunea, gozogintzarako obradore bat jasoko duena.
Guztia martxan jartzeko ahalegin ekonomikoa handia izango da. Aipatutako proiektuak aurrera eramateko gutxienez, 100.000 euroko kapitala behar izango dela aurreikusten baita. Horregatik, maiatzaren 14rako 500 bazkide lortzea izan da jarritako lehendabiziko erronka. Herritarrek bazkide egiteko 50 euroko kapital ekarpena egin beharko dute. Goierriko udalek, enpresek edo bestelako erakundeek egin dezaketen gutxieneko ekarpena 1.000 eurotan zehaztu dute. Dena den, hasiera batean kapital ekarpen borondatezkoak egiteko aukera zabalik utzi dute.
Urretxun eta Zumarragan herritar talde bat bilerak egiten ari da, Biziolako energia bi herrietan txertatzeko. Hurrengo bilera ekainaren 8an izango da, 19:00etan, Urretxuko kultur etxean.