David Burgi (Zumarraga, 1979) musikariak Messura taldean jotzen du. Apirilean Urretxuko Poligrafo Fest jaialdian jo dute eta uda ondoren diskoa argitaratuko dute.
Nolatan musika zalea?
Nahiko berandu hasi nintzen musika eskolan. Egun haurrak 5-6 urterekin hasten dira eta ni 10-11 urterekin hasi nintzen. Urtebetetze batean Casiotone teklatu bat oparitu zidaten eta iragarkietako kantak jotzen hasi nintzen. Gurasoek gaitasuna nuela ikusi zuten eta musika ikastea proposatu zidaten. Nire ikaskideak txikiagoak ziren eta apur bat tokiz kanpo sentitzen nintzen, baina jarraitu egin nuen.
Ze instrumentu aukeratu zenuen?
Nire lehen aukera tronpeta izan zen, baina jotzen hasi nintzenean, ez zela nik buruan nuena konturatu nintzen. Hala, instrumentuz aldatzea erabaki nuen. Gitarra elektrikoa jotzea erabaki nuen. Gurasoek animatu egin ninduten, baina tronpetarekin jarraitzeko esan zidaten. Hala, bi urte gehiago eman nituen tronpetarekin. 18 urterekin Iruñera joan nintzen ikastera. Musika Hezkuntza ikasi nuen. Bestalde, herriko musika eskolan ikasi ahal nuen guztia ikasi nuela iruditu zitzaidan eta musika eskola pribatu batean eman nuen izena. Hor kontserbatorioan sartzeko prestatu nintzen. Iruñeko Pablo Sarasate kontserbatorioan egin nituen goi mailako gitarra elektriko ikasketak.
Rocka gustatu al zaizu beti?
Bai, baina denetarik jo dut. Soul musika jotzen hasi nintzen, herrian. 15-16 urterekin egin nuen lehen kontzertua. Ordutik, ez naiz gelditu. Nire jazz taldea ere izan nuen: DB Trio. Nire kantak jotzen genituen. Donostiako Jazzaldian jo genuen, 2012an. Reggae, rocksteady, pop-rock… musikak ere jo ditut. Zenbait artisten musikari laguntzaile ere izan naiz: Hueccorekin hiru urte eta erdi eman nituen eta nazioarteko birak egin genituen. Serafin Zubirirekin, Malurekin eta David de Mariarekin ere jo dut, besteak beste.
Nolatan bukatu duzu Messura taldean?
1960ko eta 1970eko rock abestien bertsioak egiten dituen talde bat dugu (Spirit). Diego Bazan German baxu-jolearen eta Joselu bateria-jolearen laguna da eta gure kontzertu batera etorri zen. Kanta batzuk zituen eta bere proiektua aurrera ateratzeko egokiak ginela iruditu zitzaion. Hala, Messura taldea sortzea eta lau kanta grabatzea proposatu zigun. Otoño 17 diskoa argitaratu genuen. Errioxa aldean arrakasta izan genuen eta alde batetik eta bestetik deitu ziguten. Joseluk bi alaba ditu eta proiektua utzi behar izan zuen.
Zertan zabiltzate egun?
Zortzi kantako Animal diskoa grabatu genuen eta Madrilgo Entrebotones agentziarekin lanean hasi ginen. Orain Asalto Sonorok hartu gaitu eta ea mugitzen gaituen. Asalto Sonoron Porretas eta Def Con Dos daude, besteak beste. Uda ondoren disko berria argitaratuko dugu. Fragil da bere izenburua. Madrilen grabatu dugu. Pandemian konposatutako kantak dira. Bi ekoizle garrantzitsurekin lan egiten ari gara: Manuel Cabezali (Havalina taldeko sortzailea da eta Zahararekin jo du) eta Victor Cabezuelo (Rufus T. Firefly). Oso pozik gaude beraiekin. Oso gustura lan egiten ari gara eta soinuan eboluzioa nabarituko da.
Kontzertu asko egin behar al dituzue uda honetan?
Pandemiak Animal argitaratu berritan harrapatu gintuen. 2020an hamabost bat jaialditan parte hartu behar genuen eta dena bertan behera gelditu zen. Aireratzen ari ginen, dena nahiko ondo zihoan… eta pandemia heldu zen. Izorratu egin gintuen, baina disko berriarekin zorte handiagoa izatea espero dugu. Animoak berritu ditugu eta ea oraingoan aireratzea lortzen dugun. Hainbat jaialdi eta kontzertu ditugu. Maiatzaren 20an Wolfmother taldearekin joko dugu Bilboko Kafe Antzokian. Sarrerak agortu egin dira. Jaialdiei dagokienez, Ezcaray Fest, Cepo Rock (El Toboso), Corella Fest… jaialdietan jo behar dugu.
Zer esango zenuke taldearen estiloari eta izaerari buruz?
Berezi samarra da. Estilo gogorretatik gatoz (rock, hardcore, stoner…). Estilo horiek musika melodikoagoarekin nahasten ditugu.
Urretxun jotzeak ilusioa egin al dizu?
Noski. Sekulako ilusioa. Aste osoan zehar oso urduri egon nintzen. Gainera, Aste Santuko oporrak ziren, taldekide batzuk oporretara joan ziren… Nik entseatu egin nahi nuen ahalik eta ondoen jotzeko, baina ezin izan genuen nahi bezainbeste entseatu. Zorionez, kontzertua oso ondo atera zen. Taldekideok oso pozik gelditu ginen. Ikusleek ere primeran pasa izana espero dut.
Non bizi zara?
Nafarroako Zizur Nagusia herrian. Hainbat musika eskoletan lan egin dut eta egun Bigarren Hezkuntzako musika irakaslea naiz, hezkuntza publikoan. Aurten Donezteben lan egiten ari naiz.