Aurtengo Eitzako jaietako krosa oso berezia izango da, dibertsitate funtzionala duten haurrek parte hartuko baitute. Haurrak karroetan joango dira eta nahi duten guztiek karroak bultzatzeko eta, hala, haurrekin parte hartzeko aukera izango dute. Karroak Zure irrifarra, nire indarra elkarteak ekarriko ditu eta parte hartzaileen artean Endika Altzelai eitzatarra eta bere alaba Erin egongo dira. Erinek, Ehlers-Danlos baskularra du.
Krosa gaur arratsaldean aurkeztu dute Eitzako Topalekun. Ekitaldian Altzelaik, Zure irrifarra, nire indarra elkarteko Jakes Lopezek, Goierri Garaia atletismo taldeko Alonso Francesek eta Jai batzordeko Nerea Aretxabaletak parte hartu dute.
Krosa hilaren 14an izango da, 17:00etan. Sei lasterketa egongo dira: 0-6 urtekoenak 60 metro izango ditu, 7-8 urtekoenak 120, 9-10 urtekoenak 280, 11-12 urtekoenak 900 eta 13-15 urtekoenak 1.280. 16 urtetik gorakoen lasterketa 2.500 metrokoa izango da. Hauek bikoteka parte hartu beharko dute. Haurren izen-ematea 16:15ean irekiko da eta helduena 16:45ean. Sari banaketa ekitaldia 18:30ean izango da, ermitan. Korrikalariek Ispilla kiroldegian dutxatzeko aukera izango dute.
Zure irrifarra, nire indarra elkartea dibertsitate funtzionala dutenei lasterketetan parte hartzen laguntzeko jaio zen. 14 karro dituzte eta karro horiek herrietako boluntarioek bultzatzen dituzte. “Ez dira haurren gurasoak haurrekin korrika egiten dutenak, baizik eta lasterketa antolatu den herriko boluntarioak. Horri esker, hesiak gainditzea lortzen dugu. Jende askori dibertsitate funtzionala duten haurrengana gerturatzea kosta egiten zaio eta karroek hori gainditzen laguntzen dute. Korrikalariak haurrak nola gozatzen duen ikusten duenean, korrikalariaren eta haurraren artean oso harreman estua sortzen da. Haur horien gurasoontzat ere oso berezia da. Oso pozgarria da beste pertsona batek gure haurrekin gozatzen duela ikustea”, aipatu du Lopezek.
Altzelaik bere alabarekin parte hartuko du, Muevete por los que no pueden elkartearen izenean. “Zure irrifarra nire indarra elkartearen prestutasuna eskertu nahi dut. Muevete por los que no pueden, berriz, gaixotasun arraroak dituen jendea eta bere senitartekoak biltzen dituen elkarte bat da. Eskerrak eman nahi dizkiet beraiei ere, egiten duten lanagatik. Dibertsitate funtzionala duten pertsonei ere tokia egin behar zaie ekitaldi guztietan”.
Bukatzeko, antolatzaileek eskerrak eman dizkiete babesle eta laguntzaile guztiei: Zumarragako eta Urretxuko udalak, Sutobal eraikuntzak, Etxarre inmobiliaria, Zerkifit, ATA harategia, Loidi tailerrak eta Zuzen zerbitzu grafikoak.