Eusko Ikaskuntzak eta Laboral Kutxak aditzera eman dute gaur Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Sariaren eta Gazte Sariaren 2022ko epaia. Gazte Saria Imanol Zubiauz izen artistikoa duen 32 urteko zumarragarrak irabazi du, Pidgin proiektuarengatik. Balearen harrapaketaren garaian kokatuta, euskal eta islandiar herrien arteko loturak aztertuko ditu lanak.
Ikerketa artistikoari, antropologikoari, identitateari eta memoria kolektiboari lotuta dagoen proiektua da Pidgin, izan ere, izen horrekin ezagutzen dira harremanik gabeko bi hiztun komunitatek elkar ulertzeko sortzen duten hizkuntzari.
Elkarren arteko merkataritza ahalbidetzeko, euskararen eta islandieraren arteko proto-hizkuntza bat sortu zuten. “Horren adierazle, 700 hitz inguru dituzten bi eskuizkribu daude”, argitu du epaimahaiak. Euskararen erabilera, islandierarekin sortutako hizkuntza berrian, eta itsas-kultura dira proiektuaren ardatz nagusiak. Bere ikerketan, aintzineko dokumentuak berreskuratzeaz gain, erreproduzio berriak (audioak eta pieza grafikoak) landuko ditu. Hori guztia, gainera, garai hartako fikziozko marinel batek bizi izandako bizipen eta oroitzapen forman gogora ekarriko du. Sariari esker, lana egiteko 6.000 eurotako ordainsaria jasoko du.
Imanol Zubiauz Zumarragan jaio zen. Arte Ederretan Doktore, Cum Laude aipamena jaso zuen 2020an, eta Arte Garaikide Teknologiko eta Performatiboa Masterra da. Goi mailako ikasketak ditu ere irakaskuntzan eta hizkuntzen irakaskuntzan. Hainbat ikerlan eta argitalpenen egilea da. Epaimahaiak artista gaztearen formakuntza zabala eta ibilbide artistiko oparoa azpimarratu ditu.