Ibane Cerezo artista zumarragarrak Olatua erakusketa irekiko du gaur (ostirala), 19:00etan, Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan. Erakusketa honetako lanak antsietateari buruzkoak dira. Erakusketa maiatzaren 22a arte egongo da zabalik.
Cerezok umetatik marrazten du. «Oso txikitan zaletu nintzen. Nire bizitzako garai guztietan marraztu dut, baina karreran ikusi nuen argi bide horretatik jo nahi nuela. Leioako Arte Ederretako fakultatean Diseinu gradua egin nuen eta ondoren eta ondoren Ilustrazio masterra egin nuen».
Masterra Bartzelonan egin zuen eta ordutik bertan lan egiten du. Moda enpresa batean lan egiten du, estanpatuak egiten. Horretaz gain, Urretxuko erakusketakoen moduko lan pertsonalagoak egiten ditu.
Teknika digitalak erabiltzen ditu. «Oso ondo moldatzen dira nire estilora. Paddle surf taula baterako ilustrazioa egin nuen, poltsa marka batekin kolaboratu nuen…».
Erakusketari dagokionez, antsietateari buruzkoa da. «Azken urte eta erdian bizi izan dudana azaldu nahi dut. Ez da antsietatearen erretratu objektibo bat, ez bainaiz psikologoa, baizik eta esperientzia pertsonal batzuetatik ateratako ideiak. Pertsonalak eta subjektiboak. Antsietatea bizi izan duten guztiek ez zuten berdin biziko».
Gaia serioa da, baina kolore alaiak erabili ditu. «Beti kolore alaiak eta biziak erabiltzen ditut. Hori oso argi izan dut oraingoan ere. Ilustrazio batzuk une txar batzuetatik atera ditut, baina nire estiloa eman diet. Txikitatik koloreei garrantzi handia eman diet».
Geroz eta jende gehiagok pairatzen du antsietatea eta Cerezok gaia azaleratu nahi du. «Nire kasuan, pandemia garaiko lehen udan hasi nintzen arazoa pairatzen. Nire eguneroko bizitzan eragina izan zuen. Asko gara arazo hori sufritu dugunak eta nire mezua zabaldu nahi dut. Beti erabiltzen ditut kolore alaiak, baina oraingoan inoiz baino beharrezkoagoa da. Gaizki pasa dut, baina antsietatea berez ez dela txarra ulertu dut. Une txarrak eragiten ditu, baina ona izan daiteke: gure burua zaintzera eta aldaketak egitera bultza gaitzake. Neurri batean, hobetzea gure esku dago».
Antsietatea pairatzen ari direnei, arazoari beste edozein mini bezala aurre egitea aholkatu die. «Beste edozein min dugunean bezala jokatu behar da: zaindu eta une horretan ezin dugula ohi bezala lan egin esan. Beldurrik gabe hitz egin behar da, gaizki gaudela esan, eta laguntza eskatu».
Ilusio handia egiten dio antsietateari buruzko erakusketa Urretxun egiteak. «Orain arte Bilbon eta Bartzelonan lan egin dut. Hori dela eta, ilusioa egiten dit nire lanak herrian erakusteak».