Urolaren gizonezkoen lehen taldeak kamiseta urdinarekin jokatuko du larunbat honetan UDAren (Aretxabaleta) aurkako norgehiagoka, Argixaon, 11:30ean, autismoa duten pertsonei elkartasuna adieraziz. Joan den apirilaren 2an, Autismoaren Nazioarteko Egunean, egin behar zuten ekimena, baina bertan behera geratu zen, elurragatik ez baitzuten Zarautzen aurkako partida jokatzerik izan.
Bezperan, apirilaren 1ean, Gautena elkartearen Goierri garaiko ordezkaritzako kideen bisita izan zuten Urolako Ohorezko Mailako mutilek Argixaon (argazkia egun horretakoa da). Mikel Fragua, haren guraso Roberto Fragua eta Ana Bretaña, Javi Garcia eta Jose Conejoren bitartez, Autismoaren Espektroko Nahastea (TEA) duten pertsonen errealitatea ezagutzeko aukera izan zuten jokalari eta entrenatzaileek.
Partida egunean Gautenako kideek Argixaon egoteko asmoa zuten, baina larunbat honetan beste konpromiso batzuk dituzte eta ez da posible izango. Dena den, Urola eta Gautenaren arteko elkarlana ez da hor amaituko, eta datorren denboraldian beste ekimenen bat burutzeko asmoa adierazi dute.
Izan ere, Urolako senior mutilentzat denboraldiko azken aurreko partida izango da larunbat honetan UDAren aurka jokatuko dutena. Azken hitzordua hurrengo astean izango dute Bergaran. Talde gaztea izan arren, oso ondo lehiatu dira eta denboraldiaren bigarren zati oso ona egin dute, Igor Caballero entrenatzailearen esanetan. Jon Caballero eta Enrike Agirre dira taldeko beste entrenatzaileak, eta Mele delegatu lanetan aritu da.