Goierriren boleibol saileko neskak kirol hau ezagun egitea lortzen ari dira. Senior mailako taldean hamaika jokalari dituzte eta kadete mailakoan hamasei. Itxaron zerrenda dute, gainera.
Pixkanaka, emakumezkoen kirola sasi artetik ateratzen ari da. Geroz eta neska gehiago dira kirola egiten ari direnak, geroz eta ikusgarritasun handiagoa dute… Emakumezkoen kirola sasi guztien gainetik hegan egiten ari da dagoeneko. Boleibolaren kasuan, sare guztien gainetik esan beharko litzateke beharbada. Goierriren boleibol saileko neskek geroz eta jokalari gehiago dituzte eta kirol hau Urretxun eta Zumarragan ezagun egitea lortu dute.
Horretarako, oso gogor lan egiten ari dira. Joan zen larunbatean senior mailako taldeak Gasteizko Sagardovolley txapelketan parte hartu zuen. Txapelketa hau Miaukatuz LGTBI+ taldeak antolatzen du eta Goierri klubekoek bigarren aldiz parte hartu dute.
Estatu osoko zortzi taldek parte hartu zuten eta Urretxu eta Zumarragakoak laugarren sailkatu ziren, hiru partida irabazi eta beste horrenbeste galdu ondoren. Goierriko neskekin herriko bi mutilek jokatu zuten, txapelketa horretan ez baita sexu bereizketarik egiten. Mutil hauek neskekin entrenatu ohi dute, baina ezin dute ligan jokatu.
Goierrik bi talde ditu: senior mailako eta kadete mailakoak. Senior mailakoan hamaika jokalari daude eta kadete mailakoan hamasei.
Azken hauek larunbat honetan jokatuko dute hurrengo partida: 09:30ean, Urretxuko Aldiri kiroldegian. Boleibol saileko arduradunek herritarrei animatzera joateko gonbita luzatu diete. «Kadete mailako taldearen lehen urtea da eta neskak asko ikasten eta gozatzen ari dira».
Senior mailako taldearen hurrengo erronkei dagokienez, ekainaren 4an denboraldiko azken partidak jokatuko dituzte Aldiri kiroldegian. Gipuzkoako ligako hiru onenek jokatuko dute. Lehen hiru postuak egongo dira jokoan. Goierrirekin lehian, Donostiako Bera Bera eta Tecnum taldeak arituko dira.
Lehenago, maiatzaren 29an, Gasteizko Miaukatuz taldearen bisita jasoko dute. Partida 11:00etan jokatuko da, Aldiri kiroldegian.
Denboraldia amaitzen dutenean, berriz, gurasoen aurka jokatzeko asmoa dute. Ate irekin jardunaldi bat ere egin nahi dute, herritarrek boleibola ezagutzeko aukera eduki dezaten.
Anne Zufiaur Goierriren boleibol saileko kidea oso gustura ageri da. «Oso pozik gaude. Kadeteen taldean itxaron zerrenda dugu eta hori sekulakoa da. Aurten, eskola kirolean boleibolean jokatu dute lehenengoz. Hori oso lagungarria da gure kirola ezagutzera emateko».