Ligako atezain onenaren Zamora saria irabazi du Realeko atezain zumarragarrak. Sekulako denboraldia egin du.
Elene Lete atezain zumarragarrak ligako atezain onenari dagokion Zamora saria irabazi du. 22 partida jokatu ditu eta 0,63 gol jaso du partidako. Hautagaia izateko partida kopuru jakin bat jokatu behar da eta kopuru horretara heldu direnen artean, bera izan da partidako gol gutxien jaso dituena.
Leteren denboraldia sekulakoa izan da. 19 urte bakarrik ditu eta lehen denboraldia du Realeko atezain titular gisa. Taldeak Txapeldunen Ligara sailkatzea lortu du lehenengoz eta Natalia Arroyo entrenatzaileak Leteren lana azpimarratu du.