Irribarreak nagusi izan dira Eitzako jaietan. Herritarrek berriro jaiez gozatzeko aukera izan dutelako eta dibertsitate funtzionala duten haurren irribarreak kutsakorrak direlako.
Pandemiak eragindako bi urteko etenaren ondoren, San Isidro jaiak ospatu dituzte Eitzan. Jendea festa gose dela nabaria izan da. Eguraldi ona lagun, jende andana elkartu da Eitzan. Larunbatean ekaitzak eztanda egin zuen, baina irribarre zaparrada euri zaparrada baino askoz ere indartsuagoa izan da.
Aurtengo Eitzako jaiak pandemia osteko lehen jaiak izan dira Zumarragan eta Urretxun. Elkarrekin egoteko, parranda egiteko… beharra zegoen eta zumarragarrek eta urretxuarrek bereziki eskertu dute Jai batzordearen lana. Buruhandietan, herri afarian, kontzertuetan, dantza saioetan… irribarreak izan dira nagusi.
Irribarre berezienak kros herrikoikoak izan dira. Izan ere, aurten, lehenengoz, dibertsitate funtzionala duten haurrek ere parte hartu dute. Lau haurrek parte hartu dute: Zure irrifarra, nire indarra karroak ekarri ditu haurrentzat eta boluntarioek karroak bultzatu dituzte.
Erin Altzelai
Krosa larunbat arratsaldean izan zen. Parte hartzaileen artean Erin Altzelai zumarragarra egon zen. Erinek Ehlers-Danlos gaitza du eta lasterketan Muevete por los que no pueden elkartearen izenean parte hartu zuen, bere aita Endikak eta Sandra Parrak bultzatuta.
Aitak Donostiako maratoian ere parte hartu duen, duela hilabete batzuk, bere alabaren alde. «Alabaren alde korrika egiten dudan bakoitzean euria egiten du. Donostian kazkabarra ere izan genuen. Han hotza pasa nuen eta hemen, berriz, beroa pasa dut», esan zuen larunbatean lasterketaren ondoren.
Bai berak eta bai Erinek primeran pasa zutela aipatu zuen. «Erin urduri samar zegoen, baina parte hartzeko gogoa zuen eta oso ondo pasa du». Eskerrak eman zizkien babesa eman zieten guztiei. «Eskerrak eman nahi dizkiet Zure irrifarra, nire indarra elkartekoei. Karroak utzi dizkigute eta lasterketan parte hartu dute. Jai batzordeko kideei eta ikusleei ere eskerrak eman nahi dizkiet».
Txupetin mailako lasterketa Arette Iztuetak (Ordizia) eta Ander Romanek (Urretxu) irabazi zituzten, minibenjamin mailakoak June Aramendik (Zumarraga) eta Markel Rodriguezek (Zumarraga), benjamin mailakoak Divine Omorogbek (Legazpi) eta Inar Oterminek (Urretxu), kimu mailakoak Naroa Gomezek (Urretxu) eta Amets Aiastuik (Zumarraga) eta haur-kadete mailakoak Salma Lahmer eta Telmo Iturbek (Zumarraga).
Helduek binaka parte hartu zuten. Emakumezko onenak Goizane Amenabar eta Sheila Mendia urretxuarrak izan ziren, gizonezko onenak Ekain Calvo eta Julen Andola zumarragarrak eta bikote misto onena Iñaki Okariz eta Jone Cerezo zumarragarrek osatua.