Eskualdeko kultur aberastasuna erakusteko festan zortzi herrialdeetako eta zazpi elkartetako lagunek parte hartuko dute.
Bihar Aniztasun Jaia egingo dute Urretxuko Gernikako Arbola plazan. 2013an abian jarri zen festa honen helburua eskualdeko aberastasuna erakustea da. Kultur aberastasuna erakusteko jaio zen, baina jatorri, kultura, erlijio, sexu orientazio, genero identitate, ideologia, adin, hizkuntza, egoera ekonomiko eta gaitasun fisiko ezberdineko bizilagunen topagune bilakatu da.
Aurtengo festa 10:00etatik 17:00etara egingo da, Gernikako Arbola plazan. Horra hor parte hartuko duten herrialdeen eta elkarteen zerrenda: Honduras, Maroko, Venezuela, Senegal, Ekuatore Ginea, Nikaragua, Argentina, Herrialde Katalanak, Aniztasun eta Bizikidetza Mahaia, Aspace, Gurutze Gorria, Gazte Bidean, Chernobil Elkartea, Alambique Etxea eta Ibaiondo Zentroa.
Gurutze Gorriak karetak egiteko eta aurpegiak margotzeko tailerrak egingo ditu, Aspacek saskigintza tailerra eta Gazte Bideanek txapa tailerra. Gainera, Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak Sukaldanitzak liburua aurkeztuko du.
12:30ean Senegaleko Kawadeni taldeak dantza eta musika saioa egingo du eta 14:00etan Venezuelako Juan Pablo Blancok abestuko du. Nikaraguako dantzez gozatzeko aukera ere egongo da. Dantza saio hau 16:00etan hasiko da.
Horretaz gain, beti bezala, munduko herrialde ezberdinetako platerak dastatzeko aukera egongo da. Plater horietako batzuk Sukaldanitzak liburukoak izango dira.