Geltokietako Jai batzordeak Maite Berasategi omendu du gaur arratsaldean. Iazko urtarrilean hil zen, pandemia betean, eta ezin izan zitzaion inolako ekitaldirik egin. Berasategik gutxitu fisikoen eskubideak tinko defendatu zituen eta Geltokietako Jaietako batzordeko kidea izan zen.
Omenaldia Pagoetako bidegurutzean izan da. Berasategiren omenezko plaka bat jarri dute, bere esan batekin: “Kalea gurea da, auzoa gurea da, eutsi diezaiogun horri! Gora Geltokietako Jaiak!”.
Gainera, La Jodedera taldeak abesti batzuk jo ditu eta Maialen Akizuk bertso batzuk abestu ditu. La Jodedera taldea Geltokietako jaietara etortzen zen eta Berasategik oso gustuko zuen. Miriam Inzak eta Alain Beltzak hitz batzuk esan dituzte Jai batzordearen izenean. Biek Berasategik arrastoa utzi zuela aipatu dute. Bere lanerako grina azpimarratu dute.
Ekitaldia amaitu ondoren, bertan bildutakoek poteoa egingo dute auzoko tabernetan.