Onura Publikoak PSE-EEk "tarifazoaren eta uraren pribatizazioaren aldeko apustuarekin" jarraitzen duela salatu du
Maiatzaren 3an uraren tasa berriak eta uraren zerbitzuaren kudeaketa esleitzeko pleguak onartu ziren Zumarragan, PSE-EEren aldeko botoekin, EAJren abstentzioarekin eta Elkarrekin Zumarraga eta EH Bilduren aurkako botoekin. Onura Publikoa plataformak tasek eta pleguek azken hamabost urteotako ildo beretik jarraituko dutela salatu dute. “Gure inguruko udalerriek baino ur tasa garestiagoak edukitzen jarraituko dugu, zerbitzua esleituko zaion enpresak kanona ordaindu dezan. Kudeaketa pribatuaren aldeko apustua egin da”.
Horra hor Onura Publikoaren prentsa oharra.
“Onartu ziren tasen murrizketak eskasak izan dira eta hainbat kontzeptuetan nahitaezkoak. Blokearen muga gainditzean, prezio garestieneko ordainketa kenduko da. Hau da, mugatik gora kontsumitzen dena bakarrik ordainduko da bigarren prezioan. Zumarraga zen kobratzeko modu hori erabiltzen zuen udalerri bakarra (Urretxuk ere ez zuen), eta, beraz, erabat jasanezina eta, seguruenik, irregularra zen. Zumarragan bakarrik zegoen erretenen tasa kendu da eta etxeko kontsumorako azpiegituren tasa bi euro murriztu da. Hala ere, tasa hori enpresak kobratuko du aurrerantzean (orain arte udalak kobratzen zuen); beraz, BEZa aplikatu beharko zaio, eta, ondorioz, azken buruan, kontsumitzaileak euro bat baino gutxiagoko murrizketa bakarrik izango du. Bestalde, industriarako tasak nabarmen igo dira: 40m3-ko kontsumorako, Legazpirekin dagoen aldea %40tik %80ra pasa da eta Urretxurekin %11tik %43ra.
Kontu-hartzaileak joan den urteko martxoan idatzitako txostenean oinarrituta, non esaten baitzuen 2021ean indarrean zeuden tasekin enpresak 275.000 euroko diru-sarreren soberakina izango zuela, tasa berri hauekin soberakina 220.000 eurotik gorakoa izango dela kalkulatzen dugu. Beraz, Zumarragako tasak ez dira handiagoak zerbitzua hobea delako, baizik eta gobernu talde honek diru-sarrera soberakin bat sortzea erabaki duelako, enpresaren eta udalaren artean banatzeko urteko kanonaren bidez. Beraz, ez da onargarria zerbitzuaren bikaintasunaren argudioa tasen garestitasunaren arrazoi gisa erabiltzea.
Pleguak diseinatzeko garaian, enpresa esleipendunak udalari urteko kanon gisa ordaindu behar dion zenbatekoa erabakigarria izango da. Izan ere, esleipen lehiaketan 100 puntutik 50 kanonaren kopuruaren araberakoak dira. Hemen argi ikusten dugu zeri ematen dion garrantzia gobernu talde honek.
Beraz, tasa eta plegu horiekin dugun atsekabea eta etsipena erakutsi besterik ez dugu egin behar. Gobernu-talde honek tarifa bidezkoagoa, ekitatiboagoa eta progresiboagoa diseinatzea erabakitzea bazuen, baina diru-sarrera soberakin hori enpresa eta udalaren artean banatzea ahalbidetuko duen plegu batzuk diseinatzea erabaki du. Plegu eta tasa hauek inpunitatean oinarrituta daudela eta egiten dutena egiten dutela honek fakturarik pasako ez diela sinetsita dagoen gobernu-talde batek idatziak daudela esan daiteke.
Beraz, gobernu talde honekin dugun atsekabea eta etsipena erakutsi besterik ezin dugu egin. Are gehiago, Espainiako Estatuan alderdi sozialista, IUrekin, Podemosekin eta gizarte-mugimenduekin batera, bidelagunak izan dira hainbat borroka munizipalizatzaileetan, hala nola Almendralejo, Valladolid, Terrassa eta beste hainbatetan. Bien bitartean, Onura Publikoak Zumarragan eta Urretxun ura publifikatzeko eta munizipalizatzeko borrokarekin jarraituko du”.