Herri bazkaria eta kirol ekitaldiak egongo dira
Urola Kirol Elkarteak festa handi bat egingo du ekainaren 18an, klubaren 50. urteurrena ospatzeko. Herri bazkaria eta kirol ekitaldiak egongo dira, besteak beste.
Bazkaria Ederrena pilotalekuan izango da, 14:30ean. Menuak 40 euro balio du eta txartelak ekainaren 10era arte salduko dira leku hauetan: Toki Alai (Maritxu), Oleta, Hirukia eta Bidezar tabernak, Txindoki eta Ezkurra kafetegiak, ATA Harategia, Doña Maximina oinetako-denda, Urbe jantzi-denda eta Argixaoko kantina.
Egun horretarako beste hainbat ekitaldi antolatu ditu Urolak Argixaon. 10:30etik aurrera puzgarriak egongo dira goiko Luis Urdangarin zelaian, baita 3×3 futbol txapelketa bat, bi adin tarte hauetako neska-mutilentzat: 4-8 eta 9-12.
Bestalde, zelai nagusian hainbat futbol partida jokatuko dira. 10:00etan, Urolako eta Ilintxako beteranoak neurtuko dira. 11:30ean, hiruko txapelketa hasiko da emakumezko hiru talde hauen artean: Urolako seniorrak, kadete mailako Gipuzkoako selekzioa eta kadete mailako Bizkaiko selekzioa.
11:15ean, Argixaoko berdegune berriaren inaugurazio ofiziala egingo dute Zumarragako Udaleko ordezkariek, Urolako zuzendaritzak eta 50. urtemugako batzordeak. Iazko abuztua eta iraila bitartean aldatu zen zelaiko belar artifiziala.