Ostegun honetan Gaztea Cover lehiaketaren bigarren finalerdia grabatuko da Gasteizko Foruen plazan, 18:00etatik aurrera. Entseguak 17:00etan hasiko dira. Finalerdi horretan Uxue Kerejeta zumarragarrak parte hartuko du, Xabi Bandiniren Zalantza eta egia kantarekin. Grabaketa ikusleekin egingo dute. Nahi duten guztiek gozatu ahal izango dute emanaldiaz.
Gasteizko finalerdian hamar musikarik parte hartuko dute. Kanta bana joko dute zuzenean, eta Ainhoa Arroitajauregi, Chica Sobresalto eta Leire Letu artistek osatuko duten epaimahaiak hiru bertsio onenak aukeratuko ditu.
Lehen finalerdia Iruñean jokatu zen eta han ere hamar musikarik parte hartu zuten. Bi finalerdiak ETB1en emango dituzte, egun batzuk barru.