Kale horretako lokalean du egoitza izen bereko artisautza elkarteak. Eskualdeko artisten eta artisauen lana ezagutzera ematen ari dira. Igandean azoka egingo dute.
Urretxuko alde zaharra biziberritzeko egitasmoaren barruan jaio zen Iparragirre 12 Artisautza Sustatzeko Elkartea, Iparragirre kaleko 12an egoitza jarrita eta artisau lanak saltzeko denda irekita. Elkartearen sorreratik bi urtera, izenak jasotzen duen helburuarekin jarraitzen dute, eta orain, maiatzean, Artisau eta artisten artean proiektuan daude murgilduta.
Azken hiru asteburuetan lokala utzi diete hainbat artisauri egiten duten lana erakusteko eta saltzeko, eta hilabeteari amaiera emateko, azoka egingo dute igandean, nola ez, Iparragirre kalean.
Sei artisau, lokalean
Sei artisauek jaso zuten elkartearen gonbidapena Iparragirre kaleko denda erabiltzeko, eta aldi berean lokalari eta artisautza lanari orokorrean ikusgarritasuna emateko.
Maiatzaren 7an, Ehunduz izenarekin gantxilozko osagarriak egiten dituen Gabiriako Iratxe Irigoienen txanda izan zen, eta 8an, Emeberhiru markako bitxiak egiten dituen Maider Mendinueta legazpiarrarena. Hurrengo asteburuan, larunbatean Karmele Luqui urretxuarra egon zen Olele abanikoak saltzen, eta igandean, Ane Garmendia zumarragarra anegaral.art akuarelekin. Azken asteburu honetan, berriz, Urretxuko Ane Mantxolaren eta /ma ilustrazioen txanda izan zen lehenik, eta Legazpiko Egoitz Mendinuetaren eta emzirrimarra serigrafia lanena gero.
Igandeko azoka
Egitasmo honi amaiera emateko, azoka egingo dute igandean, hamabi postuz osatuta. Iparragirre kaleko arkupeetan jarriko dira gehienak, eta parean instalatuko diren karpetan besteak, 11:00etatik 14:00ak arte egongo dira irekita, eta tarte horretan, oinezkoentzako bakarrik izango da kalea. Musika ez da faltako.
Iazko irailean, Santa Anastasia jaiak izan behar ziren asteburuan egin zen azokaren antzekoa izango da. Azoka xumea izan bazen ere, partaideak gustura geratu ziren emaitzarekin.
Oraingoan ere, eskualdeko artisauak elkartuko dira, horien artean Iparragirre 12 elkarteko kide diren Ana Alvarez de Arcaya gantxilo lanekin, Elena Fernandez de Aranguiz oihalezko poltsekin, Mireia Garcia eta Eli Tapioles haurrentzako eskulanekin, eta Edurne Pozueta pi- txiekien. Aurreko asteburuetan lokalean izan diren Irigoien, Luqui eta Maider eta Egoitz Mendinueta ere han izango dira, beste lau gonbidaturekin batera.